Azken 25 urteotako film onenak
The New York Times-ek XXI.mendeko 100 film onenen zerrenda osatu du adituen laguntzaz.
The New York Times komunikabide ezagunak XXI.mendeko 100 film onenen zerrenda osatu berri du. Munduko 500 zuzendari, aktore eta zinemaren inguruko lagunek bozkatu dute euren hamar pelikula gogokoenak aukeratuta. Bozkatu dutenen artean izan dira Pedro Almodovar, Sofia Coppola, Barry Jenkins eta Guillermo del Toro zuzendariak, eta baita Julianne Moore, John Turturro eta Chiwetel Ejiofor aktoreak ere. 2000. urteko urtarrilaren 1etik 2025eko ekainera bitarte plazaratutako lanak izan dituzte kontuan.
Zerrenda honetan lan bat baino gehiago dituzte zenbait zinemagilek. Christopher Nolanen bost pelikula ageri dira, baina zuzendari hauek ere errepikatu dute zerrendan: David Fincher, Alfonso Cuaron, Ang Lee, Bong Joon Ho, Quentin Tarantino, Paul Thomas Anderson, Richard Linklater, Wes Anderson eta Martin Scorsese.
Ohikoa den moduan, zerrenda ez da denon gustukoa izango. Herrenak ere baditu, zinemaren industriak berak dituen bezalaxe. Anime film bakarra dagoela nabarmendu dute esaterako, edota nazioarteko filmak izan arren, mundu angloxaioarekin lotura dutela gehienek.
Horretaz gain, tamalez ohikoa izaten den arren, emakumeek zuzendutako film gutxi daude zerrendan. Guk hamabi zenbatu ditugu eta horietako bi gizonezko zinemagile batekin batera zuzendutakoak dira. Emakume zuzendari hauek daude: Andrea Arnold, Agnes Varda, Celine Song, Charlotte Wells, Kathryn Bigelow, Valerie Faris, Maren Ade, Greta Gerwig, Celine Sciamma, Soffia Coppola, Justine Triet eta Katia Luand.
Herrenak herren, hemen dituzue zerrenda horretan lehen hogei postuetan dauden filmak:
20. The Wolf of Wall Street, Martin Scorsese (2013)
Jordan Belfortek New Yorken burtsa-artekari gisa izandako ibilbidea kontatzen du. Belforten enpresak ustelkeria eta iruzurra izan zuen oinarri Wall Streeten eta horrek haren gainbehera ekarri zuen. Leonardo Di Caprio, Margot Robbie, Jon Favreau, eta Matthew McConaughey dira aktore nagusietako batzuk.
19. Zodiac, David Fincher (2007)
"Zodiakoko hiltzailea" izendatutako serieko hiltzailearen bilaketaren istorioa kontatzen du. 1960 eta 1970 hamarkadetan hainbat lagun hil zituen San Francisco inguruan, eta poliziari iseka egiten zion egunkarietara bidaltzen zituen gutun eta mezu zifratuekin. Aktore talde ezaguna ikusiko duzu: Jake Gyllenhaal, Mark Ruffalo, Robert Downey Junior, Brian Cox...
18. Y tu mamá también, Alfonso Cuarón (2002)
18 urteko bi lagun mexikar oporretan daude. Ezkontza batean emakume espainiar bat ezagutuko dute, haiek baino hamar urte zaharragoa, eta hura konkistatzeko asmotan, hondartzara gonbidatuko dute. Ikusle askorengan arrastoa utzi duen filma da. Diego Luna, Gael Garcia Bernal eta Maribel Verdu dira aktore nagusiak.
17. Brokeback Mountain, Ang Lee (2005)
Bi cowboy kontratuko dituzte Wyoming estatuko Brokeback mendian artalde bat zaintzeko eta maitemindu egingo dira. Euren bizimodua eta harremana jarraituko dugu hainbat urtetan zehar. Aipatzekoa da Heath Ledgerren antzezpen lana. Harekin batera, Jake Gyllenhaal, Michelle Williams eta Anne Hathaway aktoreak daude.
16. Crouching Tiger, Hidden Dragon, Ang Lee (2000)
Ang Leek zuzendutako filma, zerrendako aurrekoa bezalaxe. XIX.mendeko Txina inperialean girotutakoa da, eta bi gerlari maisu dira kontakizunaren ardatza: Li Mu Bai (Chow Yun-Fat) eta Yu Shu Lien (Michell Yeoh). Biak maiteminduta egon ziren iraganean, baina zenbait arrazoi tarteko, ez ziren elkartu azkenean.
15. Ciudad de Dios, Fernando Meirelles eta Katia Lund (2003)
Benetako istorio bat du inspirazio pelikula brasildarrak. 1960etik 1980ra Rio de Janeiroko Ciudade de Deus aldirian krimen antolatuak izandako gorakada erretratatzen du.
14. Inglourious Basterds, Quentin Tarantino (2009)
Bi istorio paralelo kontatzen ditu. Alde batetik, Alemaniako erresistentziako kide baten laguntzaz, naziak hiltzea helburu duen soldadu taldea dago. Beste aldetik, berriz, nazioek familia hil diotelako mendekua hartu nahi duen neska gazte judua dago. Aktore ezagun ugari ikusiko dituzu pantailan: Brad Pitt, Christoph Waltz, Diane Kruger, Melanie Laurent eta Michael Fassbender esaterako.
13. Children of Men, Alfonso Cuarón (2006)
Istorio distopikoa kontatzen duen akziozko filma da. 2027an kokatutako istorioa da, eta gizakien antzutasunak eragin handia eta kaltegarria izan du munduan. Egoera horretan, Erresuma Batuan asiloa eskatzen dute askok, baina gobernuak atxilotu eta deportatu egiten ditu. Theo Faron funtzionarioa errefuxiatuei kaoesetik ihes egiten laguntzen saiatuko da. Clive Owen, Juliane Moore eta Chiwetel Ejiofor dira aktoreetako batzuk.
12. The Zone of Interest, Jonathan Glazer (2023)
Bigarren Mundu Gerra garaian kokatutako istorioa da, eta Auschwitzeko kontzentrazio-esparruaren ondoan bizi den Hoss familia da protagonista. Rudof Höss komandantearen eta haren emazte Hedwigen bizimodua ezagutuko du ikus-entzuleak. Christian Fridl eta Sandra Hüller aktoreak dira protagonista. Nazioarteko film onenaren saria irabazi zuen Oscarretan.
11. Mad Max: Fury Road, George Miller (2015)
Mad Max sagaren laugarren filma da, George Miller australiarrak zuzendutakoa. Basamortuan kokatzen da istorioa, giro post-apokaliptikoan, gasolina eta ura urriak diren tokian. Maxek (Tom Hardyk) Furiosarekin (Charlize Theronekin) bat egingo du, Joe gerra jaunaren eta haren armadaren aurka egiteko. Borroka gogor eta luzea izango da.
10. The Social Network, David Fincher (2010)
Aaron Sorkinek idatzi eta David Fincherrek zuzendutako filmak Facebook sare sozialaren sorreraren nondik norakoak kontatzen ditu. Jesse Eissenberg aktoreak Facebooken sortzailea den Marc Zuckerberg gorpuztu du, eta harekin batera ageri dira, besteak beste, aktore hauek ere: Andrew Gardfield, Max Minghella eta Rooney Mara.
9. Spirited Away, Hayao Miyazaki (2002)
Hayao Miyazakik zuzendutako animaziozko film japoniarra da. Chihiro izeneko neska gazte bat auzo berri batera joango da eta oharkabean kamien munduan sartuko da. Yubaba sorginak txerri bihurtu ditu neskaren gurasoak, eta Chihirok Yubabaren bainuetxean lanean hastea erabakiko du, bere burua eta gurasoak askatu eta gizakien mundura itzultzeko.
8. Get Out, Jordan Peele (2017)
Beldurrezko film honek zabalkunde handia izan du jendartean eta arrakasta handia izan zuen zinemetan ere. Daniel Kaluuya aktorea da protagonista. Gazte afroamerikarrak (Kaluuyak) bere neska-lagun zuriaren (Alisson Williams) familia bisitatuko du. Han sekretu ilunen berri izango du.
7. Eternal Sunshine of the Spotless Mind, Michel Gondry (2004)
Pelikula berezia da eta memoriaren inguruko hausnarketa bideratzen du, besteak beste. Banandutako bikote bat da istorioaren ardatza. Euren memoria ezabatuko dute, elkar ahazteko, eta gero elkar ezagutuko dute berriz. Kate Winslet, Jim Carrey, Kirsten Dunst, Mark Ruffalo eta Elijah Wood dira aktoreak.
6. No Country for Old Men, Ethan Coen eta Joel Coen (2007)
Coen anaien filmak westerna,krimenak eta thriller estiloa nahasten ditu, eta Texaxen girotuta dago. Tommy Lee Jones, Javier Bardem eta Josh Brolin dira aktore nagusiak. Hiru pertsonaia hauek dira ardatza: Llewelyn Moss (Brolin), Vietnamgo gerrako beteranoa eta soldatzailea, basamortuan dirutza handia topatuko duena; Anton Chigurh (Bardem), dirua berreskuratzera bidaliko duten sikarioa; eta Ed Tom Bell (Jones), krimena ikertuko duen sheriffa.
5. Moonlight, Barry Jenkins (2016)
Barry Jenkinsek idatzi eta zuzendu zuen, eta pelikula onenaren saria irabazi zuen Oscarretan. Mutiko beltz baten haurtzaroa, nerabezaroa eta helduaroa kontatzen du. Aitarik ez du, eta Miamiko auzo pobre eta gatazkatsu batean haziko da. Ingurukoekin harremanak izateko dituen zailtasunetan eta bere garapen afektibo-sexualean erreparatzen du filmak.
4. In the Mood for Love, Wong Kar-Wai (2001)
Frantzia eta Hong Kongen arteko koprodukzioa da eta Wong Kar-Wai txinatar zinemagileak zuzendutakoa. Tony Leung eta Maggie Cheung aktore txinatarrak dira filmeko bi protagonistak. Bikotekideak desleialak direla jakingo dute, eta kontsolamendua bilatuko dute bata bestearengan. Elkarrekin maitemintzen hasiko dira ordea.
3. There Will Be Blood, Paul Thomas Anderson (2007)
Daniel Day Lewis aktorearen beste antzezpen zoragarri bat ikusiko duzu pelikula honetan. Eta Paul Thomas Andersonen beste harribitxi bat. Petroleoa ekonomia modernoan garrantzia hartzen hasi eta baliabide hau ustiatuz aberasteko grina amaigabea duen enpresaburuaren istorioa kontatzen du. Paul Dano aktorearen lana ere goraipatzekoa da.
2. Mulholland Drive, David Lynch (2001)
Aktore eta film izar bilakatzeko ametsa bete nahian iritsiko da Betty Elms (Naomi Watts) Los Angelesera. Izebaren etxean hartuko du ostatu. Han Rita (Laura Harring) ezagutuko du, Mullholland Driven izandako istripu baten ondorioz memoria galdu duen emakumea. Bien artean ikertuko dute Rita nor den eta nola iritsi den horra. Ustez loturarik ez duten istorioak eta Lynchen narratiba berezia ditu filmak.
1. Parasite, Bong Joon Ho (2019)
Film koreak honek arrakasta handia izan zuen kritikaren eta publikoaren artean, eta hainbat Oscar sari irabazi zituen, tartean film onenarena. Baliabide eta diru handirik gabeko familia batek nahiko lan du bizirauteko, eta pixkanaka, hainbat trikimailu erabilita, familiako kideak dirudun batzuen etxean hasiko dira lanean. Ez duzu irudikatuko zer nolako amaiera duen.
Zerrenda osoa The New York Times-en edo hemen kontsulta dezakezu. Zer iruditzen zaizu aukeraketa? Zer gehitu edo kenduko zenuke zuk? Kontatu sare sozialetan!