Azaleko zelula batetik giza enbrioira

Giza blastozistoen antza duen egitura sortu dute; aurkikuntzak ernalketaren lehen faseetako arazoak ikertzeko balioko du.

Enbrioi baten antza duen egitura sortzea lortu dute Australiako Monash unibertsitateko eta AEBetako Texas Southwestern unibertsitateko ikerlariek. Nature aldizkarian publikatu dutenez, azaleko zelula batetik abiatuta giza blastozisto baten antz handia duen egitura sortzea lortu dute; aurkikuntza oso lagungarria izango da ernaldutako enbrioiaren lehen egun eta asteetan gertatu daitezkeen arazoak ikertzeko.

Aurretik arratoien zelulekin ikertzeko aukera izan dute, baina gizakien kasuan enbrioien lehen egunetan gertatzen dena aztertzeko aukera mugatua izan da orain arte. Aurkikuntza honi esker, in vitro ernalkuntzako lehen faseetan gertatzen dena sakonago ezagutu ahalko dute ikerlariek. 

Hain zuzen, ikerketa horretan sakontzeko enbrioi naturalak erabiltzea ekidin nahi izan dute, eta horregatik sortu dituzte giza blastozistoen antza duten egitura horiek,  azaleko fibroblastoak berriz programatuz. Ikerlari taldeak argi utzi nahi izan du horiek ez direla giza blastozistoen parekideak.

Aurkikuntzak bioetika eztabaidak sorraraziko ditu, giza enbrioien egituren gero eta antz handiagoa izan baitezakete sortutako egitura horiek. Halere, ikerlariek adierazi dute une hori oraindik urrun dagoela.