Azaleko minbizia blokeatzea lortu dute giza azal artifiziala erabiliz

Kopenhageko (Danimarka) Unibertsitateko ikertzaile taldeak, giza azal artifiziala erabiliz, azaleko minbiziaren hazkuntza inbaditzailea blokatzea lortu du.

Ikerketa Science Signaling aldizkarian argitaratu da eta zelula bat minbizidun bihurtzen denean benetan zer gertatzen den aztertzen du. Lortutako emaitzak itxaropentsuak dira eta minbiziaren aurkako borrokan sekulako aurrerapena izan liteke. 

Ikerketaren burua den Hans Wandall-ek dio TGF beta deitutako zelulak ikertu dituztela. Hauek funtsezko rola dute zelula eta ingurumenaren arteko komunikazioan. Hauek hazkuntza eta banaketa zelularra kontrolatzen dute, beste gauza askoren artean. Mekanismo hauek kaltetuko balira, minbizidun bihurtu litezke eta inguruko ehuna ere inbaditu lezakete. 

Ohiko baldintzetan, azaleko zelulak ez dira hipodermisa inbaditzen hasten. Horren ordez, azal geruza berri bat ekoizten dute. Minbizidun zelulak azaltzen direnean ordea, hauek ez dituzten azalaren geruzen arteko mugak errespetatzen eta batak bestea inbaditzen hasten dira. Horretaz oharturik, prozesu inbaditzailea blokeatzeko metodoak aplikatu dituzte. 

Ikerketan erabilitako azal artifiziala genetikoki manipulatutako giza azalaren zelulez osatuta dago, eta material bitartez, animalien erabilerarekin baino emaitza zehatzagoak lortu dituzte.