Autogestionatutako sua
"Oztopo guztien gainetik". Halaxe izena du Tolosaldeko Bonberenea mugimendu autogestionatuak kaleratu berri duen CDak. 23 talderen kantuak bildu dira bertan.
Tolosaldeko Bonberenea etxe autogestionatuak CD batean islatu nahi izan du 1997tik hona egindako ibilbidea. Oroigarri xumea da, bertako gazteek eta ez hain gazteek etxe horretan egindako ibilbidearen zati ttipi bat. Izan ere, besteak beste, ehundik gora kontzertu egin dira azken urteotan Bonberenean.
Aspaldi ez dela Euskal Herria osoan barreiatutako eta egun eskuetako hatzez konta daitezkeen gaztetxe autogestionatuen garrantziaz zer pentsatua ematen du ekimenak. Esaterako, aitortuko al da sekula leku hauek euskal rockean izan duten, eta izaten jarraitzen duten, garrantzia? Izan ere, estilo bereko beste hainbat proiekturekin gertatu den bezalaxe, hirigintza egitasmo batek arriskuan jarri du Bonberenea.
Argitaratu gabeko abestiak
23 taldek parte hartu dute diskoan: Señor No, Kuraia, Borrokan, Deabruak Teilatuetan, Petti eta Etxeko Uzta, Onddo, Batzuk, Selektah Kolektiboa, Lisabö + Selam, Humus, Nor Jainkoa Bezala, NCC, Discipulos de Dionisos, Autoa, Lobo Electrico, LIF, Inoiz, Akauzazte, El Corsal Desastre + DJ Amsia, Anari, Xabier Montoia, Tzesne eta Perros Deshidratados. Kantu gehienak sekula argitaratu gabeak eta CDrako propio grabatuak dira. Diskoa dendetan eta Internet-en eros daiteke, hamar euroren truke. Dena den, CDa aurkezteko kontzertuak ere antolatu dituzte, Gipuzkoako bihotzetik salto egin eta mugak gaindituta, hori bai. Bilboko Kafe Antzokian, eta Gasteiz eta Elorrioko gaztetxeetan izango dira emanaldi horietako batzuk.
Informazio gehiagorako: www.bonberenea.com eta info@bonberenea.com