"Autoedicion" erakusketa ikusgai izango da Gasteizen ekainera bitarte
Nestor Sanmiguel Diest artistaren 'Autoedicion' erakusketa ostiralean zabalduko dute Gasteizko Montehermoso Kultur Gunean, eta ekainaren 10era arte izango da bertan ikusgai. Margoaren inguruko hausnarketa egin du artistak, mezuaren inguruan eraiki dugun gizartean koloreek lanarekin, denborarekin eta etendurekin duten lotura aztertzeko.
1992 eta 2012 bitartean egindako lanak biltzen ditu erakusketak, 600 artelan baino gehiago orotara. Horietako batzuek hainbat serieren zati dira. Margoak kapa ezberdinez osaturik daude, eta opakotasunarekin, gardentasunarekin eta mugaren kontzeptuekin jolasten da beraietan. Begirada oztopatzen duten elementuak barneratu ditu.
Azken batean, badirudi koadroak, egunak bezala, errepikatu egiten direla, bata bestearen atzetik. Denbora mekanizatu egiten du horrela, sekuentziaren eta bat batekotasunaren arteko mugan, errepikakorra denaren eta ezberdina denaren artean jolasean.
Erakusketaren ezaugarriak
Erreferentzia literarioak, zatiak, marginetan jarritako notak, formak, Idatzita dagoen oro, jarri zitekeena baino askoz gutxiago da.
Raymond Rousselen edota Oulipo literatur taldeko kideek batetik, eta bestetik, 70.ko hamarkadako eta talde surrealistetako kideen logika jarraitu duela dirudi.
Nestor Sanmiguel Diest
1949an Zaragozan jaio zen, eta ekintzen, dokumentuen, margolanen, idatzien eta hainbat kolektiboren manifestuen inguruan hasi zituen bere lehen artelanak. Sortzaile eta dinamizatzaile moduan bete duen paper garrantzitsua mugimendu sindikal komunistarekiko duen loturagatik garatu du, hein handi batean.
90.ko hamarkadaz geroztik, margoa izan da bere jarduera artistiko nagusia, eta hainbat erakusketa jarri ditu.