Ausartuko zinake herrialde hauetara bidaiatzen?
Turista bila dabiltza eta prentsa txarra eta aurreiritziak gainetik astintzeko desiratzen daude; abantaila? Poltsikoak eskertuko dizu!
Low cost hegazkinei eta Interneti esker, dagoeneko munduko herrialde guztiek dituzte bisitariak. Duela urte gutxi, ia ezinezkoa edo bereziki zaila zen hainbat herrialdeetara iristea; ordea, badira oraindik turistarik gabeko lurraldeak. Gerrate batetik irten berri direnak, pobrezia maila altua dutenak... edo besterik gabe, fama txarra dutenak. Hain zuzen, turismoak egoera prekario horretatik ateratzen lagunduko lieke, eta badute abantaila bat; oso merkea da bertara bidaiatzea. Maletak egiteko prest?
SIRIA: Esango duzue, nola joango naiz Siriara gertatu den, eta gertatzen ari den guztiarekin? Bada jakin gerratearen aurrerik Siria herrialde turistikoen TOP10 zerrendan zegoela. Hain zuzen, 2010ean, herrialdeak 10 mila bisitari izan zituen. Baina dagoeneko sei urte iraun dituen gerrateak erabat ezabatu du bertako turismoa; Palmira eta Aleporen suntsiketak ere, larri zauritu du herrialdearen patrimonio artistiko eta kulturala. Eta zer aldatu da ba? Lehen aldiz sei urtetan, Siria Fiturren izan da, eta herrialdeak oraindik xarma eta edertasuna duela argi utzi du. Segurtasuna lehentasuna dela badakite, eta arriskurik gabeko turismoa eskaintzeko gai direla saldu dute azokan.
VENEZUELA: Chavezen heriotzak, Kuban ez bezala, ez zuen kapitalismoaren olatua ekarri herrialdera. Aurkakoa gertatu da; egoera politikoak tentsio handiko uneak eragin ditu. Ondorioz, nabarmen jaitsi da turismoa herrialdean. Dena den, turismo arduradunek argi utzi dute ez dutela sekula arazorik izan bertan oporretan izan diren turistek.
NIGER: Zergatik bidaiatu Nigerrera? Giza Garapenaren indizean azken postuan dago herrialdea, eta Mali, Nigeria eta Libia herrialdeez inguratuta dago. Hain zuzen, herrialde horietan terrorismoa eta etorkinen trafikoa gertatzen da. Baina askok ez dakitena zera da, Niger herrialde ederra dela; sabana dauka, Tenere desertua, etnia eta kultura ugari... eta bertaratzen diren turistak besoak zabalik hartuko dituzte!
IRAN: Iran herrialdean pentsatzeak, automatikoki eramaten gaitu Islamaren debekuez gogoratzera. Gainera, askok Irakekin eta bertako gerrarekin nahasten dute. Baina Iran gozagarria da turistarentzat; bertako arauak jarraituta, herrialde magiko batez gozatzeko aukera duzu. Bertako jendeak arazorik gabe irekiko dizkizu bere etxeko ateak, eta beti egongo dira laguntzeko prest.
SUDAN: Ez dugu Hego Sudanekin nahastu behar. Bertan, zoritxarrez, gerran jarraitzen dute. Ordea, Sudanen etengabe igo da turismoa azken urtetan; Meroeko 200 piramideak ikusgarriak dira, eta jende gutxi iristen denez, bakardade zoragarrian gozatu dezakezu herrialde honen altxorrez.
PALESTINA: Gaza ez da inorentzat leku erosoa, baina Palestinak asko dauka turistari eskaintzeko: Jerusalen, Belen, Nablus, Jerico... Lurralde historiko bat ezagutzeaz gain, palestinarren errealitatea lehen pertsonan ezagutzeko aukera izango duzu.
Iturria: El País