Aurpegi hutsaren sindromea duzu?

Ia leku gehienetan musukoaren derrigortasuna desagertu den honetan sindrome berri bat zabaltzen hasi da: Aurpegi hutsaren sindromea.

Adituen arabera, musukoek pertsona askorengan lasaitasuna sortu dute eta orain nolabait biluzik sentitzen dira hauek gabe. 

Ia bi urte baino gehiagoren ostean, herrialde ugaritan (baita gurean ere) musukoaren erabileraren derrigortasuna ezabatua izan da, salbuespen batzuekin. Askok erabaki hau ospatu egin dute, baina beste batzuk, adituak barne, ziurtatu dute oraindik goiz dela horretarako, batez ere leku itxietan. 

Iritziak iritzi, gehiengoa musukoa erabiltzera ohitu gara urte hauetan. Horregatik, batzuei arraroa suertatzen zaie, eta baita arriskutsua ere, maskararik gabe egotea. Aurpegia erakusteak, pertsona askori, ziurgabetasun sentsazio sorrarazten die eta sentsazio hau aurpegi hutsaren sindromea bezala bataiatu da. Fobia hau mask fishing bezala ere ezagutzen da eta bi jatorri izan ditzakeela uste da: besteen aurrean azaltzeko beldurra edota birusaz kutsatzeko beldurra. 

Oro har, nerabeak dira sindrome hau gehien pairatzen dutenak, euren fisikoak aldaketa ugari pairatzen dituen garaia baita adin tarte hau eta musukoak gustuko ez dituzten gauzak ezkutatzeko aukera eman baitie orain arte, hala nola, aknea, aurpegiko ilea... Alabaina, pertsona helduek ere pairatu lezakete sindrome hau. 

Nola aurre egin aurpegi hutsaren sindromeari? 

Oro har, adituek ari dute norberak markatu behar duela bere erritmoa eta erabaki noiz kendu. Izan ere, nahiz eta derrigortasuna desagertu den, norberak erabaki behar du bere ustez noiz den egokia berau gabe ibiltzea, beti ere buru osasuna lehenetsiz. 

Horregatik, ezinbestekoa da inor ez behartzea. Egokiena aldaketa progresiboki burutzea da. Musukoaren inguruan eduki genitzakeen sinesmenetan pentsatzea ere lagungarria da sindrome hau gainditzeko. Musukoak babesa eskaintzen badu era, beste pertsonekiko distantziamendua ere sortu bailezake. Emozioak erregulatu eta partekatzeko ezinbestekoa da besteen aurpegiak ikustea eta besteek gurea ere ikustea. Egoerak ere kontuan hartu behar dira, eta horren arabera erabaki egora jakin batzuetan mantentzea eta beste batzuetan kentzea. Argi dagoena da, oraindik, onena musukoa eskura edukitzea dela.