Augustin Zubikarai nobela sortzeko bekarako deialdia

Eleberriak idazteko proiektuak urriaren 31 baino lehen aurkeztu behar dira. Irabazleak 6.000 euro jasoko ditu eta Elkar argitaletxearen bidez argitaratuko dute liburua.

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak XXI. Augustin Zubikarai saria antolatu dute, nobelak sortzeko beka gisa funtzionatzen duena. Sariketaren helburua euskal kultura aberastea eta idazleen lana bultzatzea da. 

Eleberriak idazteko proiektuak aurkez daitezke, jatorrizkoak eta euskarazkoak, eta aurretik argitaratu gabeak zein saririk jaso gabekoak. Parte-hartzaile bakoitzak landu nahi duen kontakizunaren azalpena egin behar du eta idazlanaren lagina. Bi dokumentu horiek eta datu pertsonalak jasotzen dituena mrey@ondarroa.eus helbide elektronikora bidali behar dira urriaren 31 baino lehen. Oinarrien inguruko xehetasunak hemen kontsulta daitezke. 

Ana Urkiza, Leire Bilbao eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle azaroaren 30a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezake epaimahaiak.

Saria 6.000 eurokoa izango da eta Ondarroako Udalak ordainduko dio irabazleari; bekaren diru-kopuruaren erdia, irabazle izendatu ondoren emango zaio eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan. 

Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, asko jota, idazlan amaitua Ondarroako Udalari helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adinakoa izan beharko du. Elkar argitaletxeak argitaratuko du lana epaimahaiak ontzat joz gero.