Atx Teatroaren 'Kaskarot' antzezlana gaur Hendaian
Gizarte arauen aurrean, bere askatasunaren eta izatearen alde borrokatzen duen Anerren istorioa kontatzen du obrak.
Atx Teatroak Kaskarot antzezlana taularatuko du gaur, 20:30ean, Hendaiako Mendi Zolan. Antzezlanean gizon zahar batek istorio bat kontatuko du, Anerren istorioa. Aner gizarte distopiko batean bizi da, non dantzatzea debekatua den. Anerri izugarri gustatzen zaio dantza egitea eta horrek arazo larriak sortzen dizkio. Kaskarot Anerren alter egoa da. Bere jenio eta zentzuaren bidez, Anerri erakutsiko dio bere egoera nola aldatu eta arauen aitzinean bere adierazpen askatasuna lehenesten.
Antzezlanaren sortzaileek adierazi dutenez, "antzezlan xelebre honek gaur egungo tragediarik handiena aipatzen du: nola ibiltzen garen etengabe gure buruak definitzen, besteen pare jartzen. Eta nola gure esentzia, irudimena, berezkotasuna, errebeldia ahanzten ditugun, beti ere mundu leun honen alde".
50 minutuko iraupena du obrak eta sei urtetik aurrerakoei zuzendua dago. Gartxot Unsain Letonak idatzi du obra eta bera arduratu da musikaz ere. Zuzendaritza eta eszenografia Atx Teatroak egina da eta honako antzezle hauek hartzen dute parte: Maryse Urruty, Natxo Montero, Jon Koldo Vazquez eta Gartxot Unsain Letona.
Hendaiakoaren ostean, beste emanaldi batzuk ere badituzte lotuta. Anoetako Mikelasagasti auditorioan izango dira abenduaren 26an, 17:00etan. Otsailaren 9 eta 10ean, berriz, ikastetxeetako ikasleentzako lau saio egingo dituzte Barakaldoko antzokian.