Atentatua



Munduaren bukaera iragarri digute behin eta berriro profeta ezberdinek. 1998an, esaterako, ongi oroitzen naiz Paco Rabanne Pasaiako moda-sortzaileak esandakoaz: Mir estazioak Parisen erorita hiria suntsituko zuela. Abuztuaren 11n, hain zuzen ere. Eta hori izanen zela munduaren bukaeraren hasiera.

Ongi oroitzen naiz dataz Paris ingurutik pasa nintzelako 1998ko abuztuaren 11n. Mir estazioak orbitan jarraitu zuen, erori gabe eta, (ohartuko zinetenez) mundua ez zen bukatu.

2000. urtean,  nor ez zen animatu munduaren bukaera iragartzera? 2006an data esanguratsua ikusi zuten profetek: 06-06-06, antikristoaren zenbakia. Eta data hartan kokatu zuten amaiera. Orain, mayen egutegiari begira jarri dira gehienak eta, profezia berrien arabera, bi urte geratzen zaizkio geure munduari, 2012an desagertuko baikara.

Azkenaldian profeta hauen antza hartu diot Alfredo Perez Rubalcabari, Espainiako Barne Arazoetako Ministroari.

Joan den Eguberrietan atentatu handi bat iragarri zigun Rubalcaba profetak. Atentatu handi bat egonen zela. Eta gabon zaharrean afaldu behar izan genituen Barne Profezietako Ministroaren hitzak. Ordudanik gosaltzen jarraitu dugu Eguberrietako soberakinak. Eguberrietan asmatu ez zuenez, data berriekin egin du aproba, eta behin eta berriro entzun dugu antentatu handi baten arriskua dagoela.

Martxa honetan argi dago egunen batean mundu hau bukatu eginen zaigula. Beraz, edonor izan gaitezke profeta, porra antolatu eta datak bota. Lagunen artean egiteko jolas dibertigarria izan daiteke, baina bestela ez zait batere serioa iruditzen. Are gutxiago komunikabideek eskaintzen dioten tartea. Nire ustez beldurra zabaltzeko estrategia bat besterik ez da. Rubalcabarena bezalakoa. Rubalcabaren profezia Paco Rabanneren profeziaren maila berean kokatzen dut nik. Rabannena bezain irrigarria, baina askoz ere arriskutsuagoa. Arriskutsuagoa zeren eta Rubalcabaren profezietatik tortura salaketa ugari ateratzen ari baitira azken hilabete hauetan.

Gu ere profetak izatera jolastu gaitezke eta iragarri, esaterako, noiz izanen den hurrengo sarekada poliziala eta noren kontra. Baita zenbat tortura salaketa egonen diren ere. Ziur Rubalcabak edo Rabannek baino askoz ere gehiago asmatuko genukeela. Zoritxarrez.