"Ateak", "Koartadak" eta "Bidea Sortuz", III. Bideo Lehiaketako lan sarituak

"Ateak", "Koartadak" eta "Bidea Sortuz", III. Bideo Lehiaketako lan sarituak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ateak-koartadak-eta-bidea-sortuz-iii-bideo-lehiaketako-lan-sarituak/@@download/image/irabazleak_motz_1359376655.jpg
2012/12/13
berria
Iragan larunbatean —azaroak 24— egin genuen III. Hi eta Hire Munduak Bideo Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia Donostiako Kursaalen, Xare Euskarazko Teknologia Berrien Azokaren baitan. Giro politean, epaimahaiak batetik eta ikusleek bestetik, saritutako film laburrak nortzuk diren jakin genuen, eta egileak oholtza gainera igo ziren sariak jasotzera. Eskerrik asko bertan izan zineten guztiei!

30 lanek hartu dute parte III. Hi eta Hire Munduak Bideo Lehiaketan. Gazteek beren eguneroko bizitza, burutik pasatzen zaizkien ideiak eta dituzten ametsak, pisuko bizimodua, eta baita gogoetak ere irudikatu dituzte 3 minutuko lanetan, eta benetan emaitza txukun eta sakonak lortu dituzte.

Txiki artistaren gidaritzapean, epaimahaiak nabarmendutako lanak ikusteko aukera izan zen larunbatean Kursaalen, eta egileei beren sariak entregatu genizkien.

Lehen Saria
'Ateak' lana suertatu da hirugarren lehiaketa honetako garaile. Ikasgeletan horren ohikoa den gertaera kontatzen du, bere gelaren bila, beste ate bat nahastuta zabaldu eta lotsatuta, barkamena eskatu eta alde egiten duten lagun horiena.

Lanaren kalitatea eta ideiaren originaltasuna saritu nahi izan ditu epaimahaiak, eta 1.500 euroko saria eskuratu dute egileek. Haiek, hain zuzen, eskerrak eman zizkieten lana egiten lagundu zieten guztiei, eta umore puntua ere jarri zioten ekitaldiari, Txikirekin batera.

Bigarren Saria
500 euroko saria, aldiz, 'Koartadak' lanak jaso du. Lau neska, beren artean oso ezberdinak, ageri ditu, ikasle pisu bera konpartitu arren, besteek ikusi nahi ez dituzten sekretu eta zaletasunak dauzkatenak.

Ausarta da lana, ongi landua, eta egileek pozik eskuratu zuten saria. 500 euro poltsikoan hartuta, ospatzera irten ziren larunbatean bertan.

Ikusleen Saria
Eta azkenik, zuen botoei esker, 'Bidea Sortuz' film laburrak eskuratu zuen Ikusleen Saria, GAZTEZULO produktuez beteriko otarra dotorea. Egileen hitzetan, uneotan dituzten zalantzak eta konpartitzen dituzten erabakiak hartzeko beharrak irudikatu nahi izan zituzten oinen bidez, ikusleak identifikatuta sentitzeko asmoz.

Poesia ederrak eta irudi zoragarriek zuen aitorpena jaso zuten, eta hori eskertzera igo ziren bost taldekideak oholtza gainera.

Honenbestez, eskerrik asko bertara hurbildu zineten guztioi, eta baita parte hartzaileei ere. Datorren urtean berriz ere elkar ikusiko dugu!