Astelehenean zabalduko dute Bidaiari Dubi-Dubi lehiaketan parte hartzeko epea

Ziur uda honetan oporretan izan zarela, eta irudi eta bideoak egin dituzula. Etxekoei eta lagunei erakusteaz gain, bideotxo horiek Bidaiari Dubi-Dubi lehiaketara aurkeztu ditzakezu, eta bide batez, oporretan xahututako dirutxoa irabazi. Astelehenean irekiko dute bideoak bidaltzeko epea.


Bilboko Udalak antolatutako Bidaiari Dubi-Dubi lehiaketaren helburua profesionalak ez diren bidaietako bideoak saritzea da, beti ere, umorea barneratzen badute. Izan ere, bideoak originalak eta barregarriak izan behar dute, oporretan egon zaren lekua erakusten dutenak eta bidaiarien irudiak jasotzen dituztenak dantza edo koreografia baten bidez.

Parte hartzeko, helbide honetan sartu eta bideoarekin batera izena emateko orria ere bete beharko duzue. Epea astelehenean, irailak 24, zabalduko dute, eta urriaren 7ra bitarte izango da zabalik.

Sari potoloak
Lehiaketan parte hartzen duten bideo guztien artean lau sari banatuko ditu epaimahaiak: Lehen Sari Bakarra, 800 eurokoa; Bigarren Sari Bakarra, 600 eurokoa; Hirugarren Sari Bakarra, 350 eurokoa; eta Begoñan erroldatutako parte hartzaileen artean ere sari berezi bat emango dute, alegia, 3 eguneko egonaldia landa-hotel batean.

Epaia urriaren 25ean jakinaraziko dute jendaurrean egingo den sari banaketan, Begoñako Udaltegian, 19:30etan, eta edonor joan ahal izango da proiekzioak ikustera.

Gainera, Bilboko Udalelko Kultura eta Hezkuntza Sailak jendaurrean erakutsiko ditu zenbait bideo, Bidaiarien Txokoa programaren baitan.

Bideoaren ezaugarriak


Iraupena: Gehienez ere hiru minutuko luzera.
Testua: Azalpen testuak sartu ahal izango dira, euskaraz ala gazteleraz.
Formatua: mp4, 3gp, wma, avi eta mpg.
Pixua: Gehienez ere 10 MB-eko pixua izan dezake.