Astelehenean abiatuko da Donostiako Poesiaren Astea
Poesia lehiaketaren sari banaketa, Chantal Maillard poetarekin solasaldia, Iñigo Astiz eta Jon Basagurenen emanaldi poetiko musikala, eta poema errezitaldia izango dira, besteak beste.
Martxoaren 21ean Poesiaren Nazioarteko Eguna izango da, eta egun horren harira, Donostia Kulturak Poesialdia-ren, Donostiako Poesiaren Astearen, laugarren edizioa antolatu du martxoaren 21etik 25ra. Urtean zehar egiten dituzten poesiarekin lotutako ekimenei jarraipena emateko modua izango da.
Poesialdiaren asteko programazioa astelehenean, hilak 21, hasiko da V. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren sari banaketarekin. Donostia Kultura eta Balea Zuria argitaletxeak elkarlanean antolatuko lehiaketa da, euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazle gazteen lanari bultzada emateko asmoz sortua. Sari banaketa 11:00etan izango da, Liburutegi Nagusio Mandas Dukearen aretoan.
Hurrengo egunean, asteartean, Chantal Maillard (Brusela, 1951) poeta, filosofo, saiakeragile eta itzultzailearekin hitzordua izango da Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian, 19:00etan. Belgikan jaioa bada ere, gaztelaniaz idatzi du eta, besteak beste, Poesiako Sari Nazionala (2004), Kritikaren Saria (2007) eta Kritikaren Andaluzia Saria (2008) jaso ditu. Maillard-ek XXI. mendean berak publikatutako poesia guztia bildu berri du Lo que el pájaro bebe en la fuente y no es el agua liburuan. Bere sorkuntza unibertsoari buruz solastuko da Maite Lopez Las Heras poeta eta itzultzailearekin.
Iñigo Astiz eta Jon Basagurenek Oraindik, orain eta oraingoz emanaldi poetiko musikala eskainiko dute asteazkenean. Bertan, euren azken liburu eta diskoetako abesti eta poemak eskainiko dituzte, eta sorkuntzari eta orainaldia harrapatzeari buruzko hainbat gogoeta tartekatuko dituzte. Saioa Liburutegi Nagusiko San Jeronimo aretoan izango da, 19:00etan.
Ostiralean, hilak 25, Safo: Desio duzuen bezainbeste solasaldia eta errezital musikatua izango dira. Maite Lopez Las Herasek Saforen poesia guztia euskeratu du itzulpen klasiko batean eta Platonek "hamargarren Musa" deitu zuenari buruz solasean arituko da Aritz Gorrotxategi idazlearekin. Jarraian, Aizpea Goenaga eta Dorleta Urretabizkaia aktoreek Saforen poemak errezitatuko dituzte Nerea Azcona harpa-jotzailearen zuzeneko musikarekin. Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian elkartuko dira,19:00etan.
Sara Moranteren ilustrazioekin erakusketa
Bihar, hilak 18, Ariel Sutan erakusketa zabalduko da. Erakusketak Sara Morantek Sylvia Plath-en Ariel poema-libururako (Jordi Doceren itzulpena; Nordica argitaletxean, 2021) collage formatuan egin zituen hogeita hamar ilustrazio baino gehiago biltzen ditu, eta Moranteren unibertso sinbolikoaren errepasoa proposatzen du. Ernest Lluch Kultur Etxeko erakusketa aretoan izango da ikusgai, maiatzaren 21era bitarte.
Ostegunean, hilak 24, Sara Morantek erakusketara bisita gidatua eskainiko du bere lanaren gakoak azaltzeko. Bisitaren ostean, Sylvia Plath-en gainean arituko da solasean Julia Otxoa poeta, narratzaile eta artista plastikoarekin. 18:00etan izango da bisita gidatua, gaztelaniaz.
