Asteko zein egun da onena lanetik jai hartzeko? Zientziak badu erantzun bat

Normalean, galdera honi erantzuteko zubi itxurako jai egunak, lagunekin ditugun planak... begiratzen ditugu. Orain zientzialariei galdetu zaie.

Ikerketa ezberdinak burutu dira gai honen inguruan. Langilearen nortasuna eta lan mota lirateke kontuan hartu beharreko aldagarriak. Alabaina, arau orokor bezala, onena atsedena astearen erdian hartzea da. Asteazkena egun bikaina da lan astearen tiraniarekin hautsi eta pilak kargatzeko. 

Denboraren giza esperientzia erritmoetan ordenatua dago, izan barne erritmoak (eguneko pertsona izan edo gautarra) edota kanpo erritmoak (lan ordutegia, proiektuak entregatzeko data ezberdinak...). Mundu guztiak kronotipo ezberdin bat dugu, nahiz eta lan-asteak, hauek estandarizatzeko joera duen. Hau erditik haustea, norberaren erritmo propioa aurkitzeko modu ona izan daiteke, adituen ustez. 

Diotenez atseden denbora luzatzea asteburuaz harago kaltegarria izan liteke, entrega data ezberdinak gehiago luzatzen baititu. Ostiralean turboa jarri beharko zenuke guztia prest uzteko, eta gero asteartean lanera itzultzean lan pila edukiko zenuke itxoiten. Asteazkenean jai hartuta, berriz, astea bitan banatzen da, eta bi pausotan bezala burutu daitezke lanak, eta gainera fresko mantentzen zara, azken egunera nekeak jota iritsi gabe. 

Alta, honek ez du mundu guztiarentzat funtzionatzen. Aditu eta lan psikologo batzuk egun bat baino gehiago jarraian hartzea gomendatzen dute. Hau bereziki gomendagarria litzateke deskonektatzea gehiago kostatzen zaion jendearentzat. Langile mota honek, oro har, hobe luke opor egun guztiak edo ia gehienak jarraian hartzea, edo bi bloke nagusitan. Eta atsedenerako egun estra bat baldin badu, hobe luke ostiralean edo astelehenean hartzea lanetik ahalik eta gehien ihes egiteko. 

Arrazoi ekonomikoek ere mota honetako oporren alde egiten dute. Asteburu luzeek turismoa bultzatzen dute eta kontsumoa gehitu. Hau da turismo eredu du askok lortu nahi duten helburua, horregatik geroz eta erakunde gehiagok lau eguneko lanaldiaren alde egiten dute. 

Bestalde, denok ikasi dugu etxetik lana egitea ez dela oporretan egotea. Alabaina, egun bat bada ere etxetik lan egiteak zenbait errutinarekin hausten du eta energia irabazteko balio du. Horregatik, jai hartzeko egun berdinak gomendagarriak dira telelana egiteko ere; honela baiesten dute zenbait ikerketek. Behatu da langile gehienek astelehenak edo asteazkenak hartzen dituztela etxetik lana egiteko. 


Astean zenbat ordu egin beharko zenituzke lan zoriontsu izateko eta zenbat zure bizitza arriskuan jartzeko?
Zoriontasunaren sekretuan jada ez da sekretu bat: astean egun bakar bat lan egitea da, hala dio behintzat Cambridge Unibertsitateak burututako ikerketak. Adituak konfinamenduan zehar pertsona ezberdinak aztertu zituzten eta ondorioztatu zuten, maila mentalean, zortzi orduz egun batean lan egitea hobea dela batere lanik ez egitea baino.  

Baliteke, astean egun bat lana egitearen eredua oso errealista ez izatea, baina zenbat lan da lan gehiegi? Astean 55 ordu baino gehiago lan egiteak bihotz arazoen bidez hiltzeko arriskua %35era igotzen du. Munduko Osasun Erakundeak burututako azken ikerketak horixe ondorioztatu du. Dokumentu honek dio 2000 eta 2016 bitarte mota honetako heriotzak %29 igo zirela. Ikerketa hauek erakutsi dute, lanaldi hauek kaltegarriak direla, beti ere, denbora luzez eta modu konstantean mantentzen badira. 

Zoriontsu izan eta zortzi orduz soilik lan egin edo triste egon eta 55 ordu lanean pasa arteko muturren erdian hamaika aukera daude: nola banatzen ditugun ordu horiek, ze ordutegi dugun eta zenbat egun libre, nola aukeratzen ditugun... norberak bilatu behar du hobekien datorkion formula, zientzialariei kasu gehiago eginez eta gutxiago gure agendari.