Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!
Atal berri bat estreinatuko dugu gaurtik aurrera; ostiralero, asteburuan zehar ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko proposamenak luzatuko dizkizugu, adi!
1- Telesail bat
Sharp objects (2018, Jean-Marc Vallée)
Non Ikusi? HBO plataforman.
Atalak: 8
Iaz estreinatu ziren telesailen artean aipagarrienetarikoa zalantzarik gabe. Arazo psikologikoz beteriko kazetaria da Camille Preaker, eta jaioterrira bueltatuko da bi neska gazteren hilketen berri ematera. Hortik aurrera drama-psikologiko oso ilun bat ikusteko aukera izango duzu, misterioa argitzen saiatzearekin batera trama korapilatzen joango delarik. Ez galdu!
2- Pelikula bat
Four Lions (2010, Chris Morris)
Non Ikusi? Filmin plataforman.
Axolagabe utziko ez zaitu filma. Umore beltza ardatz hartuta, terrorismoaren gaia jorratzen duen pelikula dibertigarria baita. Ingeles jatorrikoa den Omar izeneko tipo xelebre batek, terrorista talde bat sortzea erabakitzen duen unean kokatzen dira ekoizpenaren lehen minutuak. Horretarako, adimen maila oso baxuko hiru tiporen laguntza izango du.
3- komiki bat
Gerezi garaia (Belatz, 2018)
Teoria ederren zale baino, ekintza-gizona dugu Lucio Urtubia. Haren bizitza etenik gabeko borroka bat izan da, eta, batzuek kontrakoa uste duten arren, ondare hori utzi digu, Lucioren altxorra. Belatzek luze galdekatu du Lucio hainbestetan kontatutako pasadizoen inguruan, ekintzak, lekuak, pertsonak, gertakizunak, atmosferak iruditan zehaztasunez islatu ahal izateko. Hala, bada, nafarraren biografo ofizial bihurturik, ezagutzen genituen abenturak eta ezagutzen ez genituen beste hainbat pasadizo ere kontatuko dizkigu irudigile iruindarrak. Euskaraz estreinakoz, Cascanten emandako haurtzaroa, lehen banku-desjabetzeak, poliziei iskintxo egiteko asmatutako trikimailuak, familia-kontuak, Citibank banketxearekin egindako negoziazioa, muga-zeharkaldiak… Guztia edo ia guztia kontatuko digu Luciok akzioz eta ekintzaz betetako orri hauetan. Izan ere, anarkista menderaezin honek dioen bezala: «Ezer egiten ez duen iraultzaile bat apaiz bat besterik ez da».
4- Disko bat
Moxal- Zaldikatu (2019)
Audience talde gernikarrak ia hogei urtez jorratu zituen country, folk eta rock klasikoaren arteko nahasketak. Oraingoan ordea, Hannot Mintegia taldekide ohiaren egitasmo berria gomendatu nahi dizut: Moxal. Lehen disko hau osatzeko gainera, Aiora Renteria, Miren Narbaiza, Mursego eta Ainara LeGardon bezalako izen potoloen kolaborazioa izan du besteak beste.
5- Bideojoko bat
Red Dead Redemption 2
Beñat Rodriguez-ek urtarrileko GAZTEZULO-n gomendaturiko bideo-joko paregabea aukeratu dugu: Red Dead Redemption 2, "Mendebalde Urrunean burutzen den abentura bat da. Arthur Morgan gaizkilearen azalean sarturik, honen bandaren gora beherak biziko ditugu. Bankuen lapurretak, altxorren bilatze lanak, norberak bere eskuz harturiko justizia iniziatibak eta beruna. Bitxikeria moduan aipatu, beruna oinarrizko txanpona den unibertso honetan, diplomaziak ere rol garrantzitsu bat jokatzen duela. Izan ere, ugariak izango dira gatazkak konpontzeko edukiko ditugun tresnak. Egia da hala ere, kolpeen edo mehatxu bitartez lortutako diplomazia izango dela gehienetan, baina tira, XIX. mendeko Amerikan gaude!"