Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!
Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.
TELESAIL BAT
'Manhunt: Unabomber'
Telesail antologikoa, lehen denboraldian Ted Kaczynsky serie-hiltzailearen benetako kasuan oinarritua dago eta bere harrapaketa horretan zentratua batik bat. Denboran saltoak eginez, ehiza hori maisuki kontatzeko trebezia erakutsi dute. Pertsonaiak eta estetika aztertzerako orduan, Zodiac-en ukituak topatuko dituzue, eta elkarrizketa bizi eta mamitsuetan Aaron Sorkin-en abilezia. Gustu ikaragarriz errodatua, bi protagonisten arteko interpretazio-duelu bikaina ikusteko aukera eskaini digute.
PELIKULA BAT
'Jusqu’à la garde'
Zaintza konpartituaren inguruko gaiarekin hasten den arren, eta era nahiko “konbentzionalean” kontatua gainera, minutuak pasa hala “film beldurgarri" batean bilakatzen den kontakizun latza. -ez da beldurrezko generoaren barruan sartzen den filma, baina ikusten duzuenean antzemango duzue zertaz ari naizen…-. Oharra: Azken minutuekin, ileak puntan dituzuela eta besaulkiari erabat itsatsiak amaituko duzue.
komiki bat
'Tupust!'
Komiki hitza erabili arren, irakurleek askotariko komiki ereduak aurkituko dituzte Tupust! antologian. Batzuk testuan oinarritzen dira, beste batzuk irudia soilik erabiliz garatzen dira. Batzuk bineta, marrazki eta testu asko dituzte, beste batzuk berriz irudi mutu bakarrarekin guztia esana dute. Hamalau komiki dira, hogei egile eta helburu bakarra: komikigintzatik eta euskaraz eredu tradizional heteropatriarkala deseraikitzea.
ABESTI BAT
Kavinsky - Nightcall
Nazioartean eta zinemazaleon artean, Drive film bikainaren soinu bandaren parte izateagatik ezagun egin zen arren, euskaldunon artean Berri Txarrek-en kontzertu aurreko hutsune horri doinua jartzeagatik ezagutzen dugu!
ANTZErkia
Heriotza bikoitza
Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy aktore erraldoien interpretazioa oinarri hartuta, heriotzari eta bizitzari, bizitzari eta heriotzari edo bizirik hiltzeari eta heriotzaren ostean zabaltzen diren ateei buruzko hausnarketa da Heriotza bikoitza. Fikzioak eta errealitateak leku bera partekatzen duten lerro finean dihardute aktore bik, lehenengo pertsonan hitz eginda, mintzaira poetikoa erabilita, absurdoa tarteka eta performatiboa berez. Gorputzak, soinu-giroak eta eta irudiak elkarren gainean jartzen dira, eszena bizitzaren eta heriotzaren puskekin betez.