Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.

DISKO BAT
Enric Montefusco – Diagonal (2019)
Standstill-eko ibilbidearen ondoren ateratako lehen lana argitaratu (Meridiana, 2016) eta hiru urtera bere diskoen zerrenda luzatzen jarraitzen du Montefuscok. Berriz ere Bartzelonako arteria nagusienetako bati erreferentzia eginez. Aurrekoan Meridiana azaltzen zen, langileen gunea, oraingoan Diagonal, hiriko finantza gunea. Konturatuko zara ez dela kasualitatea letrei erreparatzen badiezu. Musikari dagokionez detaile gehiago aurkituko dituzu, musika tradizionala, folka eta kabaret ukituak ere entzun daitezkeelarik. Soinu geruza hauen artean kritika sozialez betetako hitzak, berriz ere, benetan axola duena ukituz: bihotza.

BIDEOKLIP BAT
Eneritz Furyak – Zaldi Zuria (2019)
Irudia musika bezain beste zaintzen duen horietakoa da irundarra, baliabide gutxi izanagatik argi erakusten duena aurrekontu ekonomikoa baino garrantzitsuagoa dela ideia on bat emaitza eder bat lortzerako garaian. Ez didazula sinisten? Sakatu play eta frogatu zuk zeuk!

TELESAIL BAT
Criminal (Netflix)
Fikzioan dena asmatua dagoen honetan eskertzen da Netflix-ek zerbait berritzailea egin nahi izatea, batez ere polizia tramei dagokionez. Telesail honetan eszenario bakarra dago, komisaria bateko galdetegi gela. Berezitasun bat du ordea, 12 atalak lau herrialde ezberdinek idatziak eta zuzenduak izan dira, baita protagonizatuak ere (Espainia, Erresuma Batua, Frantzia eta Alemania). Herrialde bakoitzak bere hizkuntzan filmatu ditu atalak. Thriller honetan borroka eta trikimailu psikologikoak ez dira faltako kriminala erruduna edo errugabea den jakiteko bidean.

JOKO BAT
The Kreator
Joko lasaigarria da, egunerokotik deskonektatzeko baliagarria. Amaigabeko bidean aurrera egiten da ikusiz nola hazten diren loreak eta zuhaitzak. Hasieran bakarrik joango zara, baina jokoa pentsatuta dago aurrera egin hala bidean lagunak aurkitzeko. Gu geu izango gara fantasiazko mundu hori eraikiko duguna pausuz pausu. Oso gomendagarria une batez arnas apur bat hartzeko eguneroko zereginetatik.

ILUSTRATZAILE BAT
Ximon Agirre @ximonagirre
Lukiek taldearen diskoko azala gustuko duzu? Orduan ziur Ximon Agirreren beste lanak ere gustuko izango dituzula. Kolore biziak iluntasunarekin ederki uztartzen ditu. Ipuinak diruditen irudiak sortzen ditu, askotan hitzek baino irudi batek gehiago iradokitzen baitu.