Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen! Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-ikusi-entzun-jolastu-eta-irakurtzeko-5-proposamen-30/@@download/image/gomendioak_home.jpg
2019/11/15
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.
Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

TELESAIL BAT: 'His Dark Materials'

HBO Game Of Thrones gabe gelditu da, eta istorio epikoen arrakasta ikusita, fantasiazko literaturaren klasiko handietako bat egokitzeko proiektu anbiziotsua jarri du martxan; hala, dagoeneko ikusgai dira His Dark Materials britainiar fantasiazko telesailaren lehen bi kapituluak; Philip Pullmanen izen bereko eleberri-sailean oinarritutako istorio honek liburuetan erabat harrapatu ninduen. Ea telesailak efektu bera eragiten duen!

FILM BAT: 'La Trinchera Infinita'

Zer esan dezaket dagoeneko aipatu ez denik. Moriarti Films-eko hirukoteak maisulana egin du film honekin. Ez dago sorpresa handirik, azken finean, historia garaikideko pasarte bat kontatzen baitu; baina kontatzeko modua, halako drama gogorra gizatasunez eta naturaltasunez horren dotore janzteko abilezia, benetan ez galtzekoak dira. Gerra da, baina egunerokotasuna ere bada; tentsio handiko une ikaragarriak gertatzen dira, eta baita ekintzarik gabeko une luze eta antzuak. Eta umorea. Eta beldurrak. Egoera harrigarriak. Egoera arruntak. Bizitza oso bat, azken finean.

PLAN BAT: Nikki Hill

Asteburu honetan ez duzue etxean goxo-goxo manta azpian gelditzeko aitzakiarik! Nikki Hill Euskal Herrian dago eta beraz, galdu ezineko zita duzue. Ostiralean Durangon izango da, Plateruenan, eta larunbatean berriz Donostian, Intxaurrondoko Kultur Etxean. Sustraiko rock’n’rollaren erregina berria bere azken diskoa aurkeztera dator: 'Feline Roots' (2018). Reggae, gospel eta rocka bateratzen ditu lan berrian eta bere zuzenekoak energiaz beteriko sekulako festa izaten dira!

MARATOI BAT: 'Killing Eve'

Beeeno, eta azkenean sofak irensten bazaitu, egizu behintzat ganorazko telesail maratoi bat. Oraindik ezagutzen ez baduzu, Killing Eve harribitxia gomendatzen dizut; motz egingo zaizkizun bi denboralbi bikain ditu, eta HBOn duzu ikusgai. Eve Polastri (Sandra Oh) detektibearen eta Villanele (Jodie Comer) hiltzailearen arteko harreman deskribaezinak lehen unetik harrapatuko zaitu!

HAUSNARKETA PILULA BAT: 'Explained'

Dena ez da aisialdi hutsala izango, ezta? Munduan gertatzen denaz hausnartzeko gogoa baduzu baina bi orduko dokumental luze eta aspergarriak irentsi gabe, adi Netflixen ikusgai dagoen Explained mini-dokumental sortari. 20 minutu eskaseko kapitulu independienteek egungo gizarteko eztabaida garrantzitsuenak azaltzen ditu, labur eta modu interesgarrian; izurriteak, moda, eboluzioa, haragiaren industria, beganismoa, ingurugiroa, botiken industria, kutsadura... oraintxe bigarren denboraldia martxan!