Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen

Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.

DISKO BAT
The Solution – Will Not Be Televised (2007)
Nicke Andersson ezagunagoa da The Hellacopters rock talde mitikoko abeslaria izateagatik. Horretaz gain ordea, hamaika talde eta estilotan aritzen da. The Solution soul taldean bateria jotzen ikus dezakegu, Scott Morgan abeslariari erritmoak markatuz. Soul klasikoko erritmoak aurkituko dituzu bertan, baina halere soinu garaikidea du. Abesti bakoitzaren konponketak oso sortzaileak bezain naturalak dira. Besterik gabe entzun eta gozatu inongo aurreiritzirik gabe lan bikain hau.

BIDEOKLIP BAT
Maite Larburu – Gona (2019)
Hezurren Azpian disko ederretik ezagutu genuen lehen abestia izan zen. Kantuak berak helarazten duen jolaserako gogo eta ironia ederki jasotzen ditu bideoklip zainduak. Bertan, euskal kulturako zenbait izen handi, emakume zein gizon, ikusi ahal izango dituzu gona jantzirik, ea guztiak aurkitzeko gai zaren!

LIBURU BAT
Ray Bradbury - Fahrenheit 451 (1953)
Fahrenheit 451 paperak su hartzeko behar duen tenperatura da. Guy Montag suhiltzailea da eta bere egitekoa paradoxikoki liburuak erretzea da. Mundu distopiko honetan liburuak sufrimendu iturri dira eta debekatuta daude. Huxley eta Orwell-ek bezala Bradburyk lasaigarriek, komunikabideek eta konformismoak esklabo bihurtutako zibilizazio mendebaldarra erakusten du. Bradburyren ikuspegia harrigarriki profetikoa da: hormak tapatzen dituzten telebista pantaila erraldoiak, oinezkoen atzetik segika 150 kilometroko abiadura hartzen duten autoak, zaporegabeko musika eta albisteak belarrietan sartuko bozgorailu txikietatik entzuten duen biztanleria... Egun batez ordea, Montagek kasualitatez liburu bat irekitzen du eta esaldi hau azaltzen zaio: Denbora ilunabarraren argitan lokartu da. Esaldi horren ondoren ez du liburu gehiagorik erreko. Hitz batek milaka irudi gogora ekarri ditzakeela deskubritu berri du.

DOKUMENTAL BAT
Bruce Weber – Let's Get Lost (1988)
Chet Baker tronpetista bikain bezain ekaiztsuaren bizitzari buruzko dokumentala da. Bruce Weber zuzendariak harreman zuzena zuen musikari handiarekin eta horregatik erabaki zuen dokumental hau sortzea. Bertan Baker-en azken egunak narratzen ditu modu ederrean artistaren azken birako irudiak eta Baker-i berari egindako elkarrizketekin osatuz. Horrez gain, bere emazte izandakoen hitzak ere agertzen dira, baita bere seme-alaba, lagun eta neska lagunarenak ere. Dokumentu esplizitua da erakutsiz pertsona famatuak erori daitezkeen tranpak eta talentu gehiegizkoak eduki ditzakeen desabantailak. Batzuentzat, inoiz egin den dokumental musikalik onena da, ikusi eta esango didazu.

ILUSTRATZAILE BAT
Smoking signals Studio @smokesignalsstudio
Smoking signals Studio-ren atzean Markel Urrutia gernikarra dago. Ilustratzaile hau musika munduan espezializatu da eta kartelak, disko diseinu zein azalak eta merchandisinga egiten ditu talde edo jaialdientzat. Eskola zaharreko metodoak erabiltzen ditu Urrutiak. Horrela, lehendabizi arkatz, tinta edota pintzelekin koaderno batean ilustratzen du bere lana. Ondoren, digitalera pasatzen du ukituren batzuk gehituz. Emaitza ikusita nabari da eskuzko teknikak duen nagusitasuna, hurbiltasuna eta indarra transmitituz.