Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen! Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-ikusi-entzun-jolastu-eta-irakurtzeko-5-proposamen-25/@@download/image/gomendioak_home.jpg
2019/09/20
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.
Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

TELESAIL BAT: Derry Girls

Berandu deskubritu dut telesail hau (iazko urtarrilan estreinatu zen eta dagoeneko 2. denboraldia dute) baina, zelako sorpresa! Hasieran zertxobait nahasia irudituko zaizue (Jatorrizko bertsioan ikustekoa da, Derryko hizkera itxi eta zoroan) baina IRAren gatazkaren erdian nerabezaroa bizi duten neska-mutil hauen abenturek segituan harrapatuko zaituzte. Kapitulu motzak, umorea barra-barra... ondo pasatzeko primerakoa!

PLAN BAT: Atlantikaldia

Itsasotik datorkigu asteburuan gozatzeko plan borobil hau; urtero bezala, Errenteria musikaz, kulturaz, artez eta ehunka ekintzez josiko da. Egitaraua osorik ezagutu nahi baduzu nahikoa duzu hemen klik egitearekin, baina aperitibo moduan, jakin bertan ikusi ahalko dituzula Nathy Peluso, The Skatalites, Nogen, Physis vs Nomos, Sara Zozaya, Oreka TX, Ane Leux... galduko duzu?

ABENTURA BAT: Buskers Festibala

Inoiz pentsatu duzu musikari edo abeslari izatea probatu nahiko zenukeela? Zergatik ez orain? Halako gauzak hobe bi aldiz ez pentsatu... bizi ezazu abentura! Aukera ezinhobea duzu gainera... Hemen da, II. Donostiako Buskers Festival-a!

Gipuzkoarra bazara eta duo edo bakarlari moduan zortea probatu nahi baduzu, Donostiako terrazetan kontzertu bat eskaintzeko aukera izango duzu urriko zubian (10-13). Izena eman Irailaren 26a baino lehen!

FILM BAT: Pride

Egin barre, egin negar, eta berriro, barre. Eta gogoratu mundua ilun dagoenean jendea dela argia, mota, adin eta sinismen guztietako jendea. Gozatu, hunkitu, ondo pasa... 2014an estreinatutako film gogor bezain xamur hau oso ozen igaro ez arren edonoren bihotza urtzeko moduko harribitxia da, benetako gertaeretan oinarritutakoa. Erresuma Batuan 1984. urtean kokatutzen da istorioa, eta meatzari zein LGTBI kolektiboen batasun bitxi zein indartsua kontatzen du. Arima biziberritzeko aukera bikaina!

ERRUTINA BAT: Musika

Badakigu Durangoko Azoka gertu dagoela eta aurki kaleratuko diren disko berriei begira zaudela, baina bitartean, egunerokotasunaren estresa eta antsietatea baretuko duten errutina bat proposatzen dizugu. Irailean bete-betean sarturik, ziur lanean topera zabiltzatela, gimnasiora apuntatu zaretela eta ez duzuela ezertarako astirik... hain zuzen, astirik ez izatearen itolarri sentsazio hori baretzeko balioko dizue errutina honek. Oso erraza da; gauero, oheratu aurretik, eskainiozue zuen buruari 10-15 minutuko musika tarte bat. Etzan gustuko duzuen txoko batean, itzali argiak, eta findu entzumena gustuko duzuen musikarekin; errepikatu ezazue errutina hau gauero. Ikusiko duzue zeinen ondo egingo duzuen lo, eta zelako energiekin esnatuko zareten goizean. Musika da terapiarik eraginkorrena!