Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen! Etxean gelditu ala kalera atera, sozializatu ala bakardadeaz gozatu... astero GAZTEZULOko kazetari batek bere gomendio pertsonalenak ekarriko dizkizu! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-ikusi-entzun-jolastu-eta-irakurtzeko-5-proposamen-2/@@download/image/gomendioak_home.jpg
2019/03/15
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Etxean gelditu ala kalera atera, sozializatu ala bakardadeaz gozatu... astero GAZTEZULOko kazetari batek bere gomendio pertsonalenak ekarriko dizkizu!
Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

1- TELESAIL BAT

'The Good Place'

Telesail honek afalosteko relax une gozo hori betetzeko elementu guztiak ditu; kapitulu motzak (20 minutu inguru), istorio dibertigarri eta dinamikoak, umore garratza eta pentsakor oheratzeko pilula filosofiko txikiak. Azken ezaugarri honek beharbada ez du zure arreta bereganatuko, baina buruhauste filosofikoekin txisteak egitea ezinezkoa dela uste baduzu, telesail honek harrituko zaitu! Kristen Bell eta Ted Danson aktore bikainek irribarre bat jantziko dute zure aurpegian! Netflix plataforman topatuko dituzu 3 denboraldiak.

2- MUSIKARI BAT

James Rodhes

Musika klasikoa zuretzat egina ez dela uste duzun horietakoa zara? Beharbada ez dituzu estimulu egokiak topatu... bigarren aukera bat emateko prest bazaude, James Rodhes piano jotzaileak lagunduko dizu. Bere istorioa gogorra eta harrigarria da, bere hitz egiteko eta jakituria dibulgatzeko estiloa gordina eta zuzena. Rodhesek sexu abusuak jasan zituen umetan irakasle baten eskutik, eta trauma horren ondorioz drogetan erori zen, ia suizidatzeko zoriraino; musikak salbatu zuela kontatu du behin baino gehiagotan. Orain Espainian bizi da, eta berriki doako kontzertu bat eman du Galiziako espetxe batean; bere esanetan, musika da "mundu zoro hau" jasateko tresna eraginkorrena. Spotifyn duzue bere musika. 

 

3- EKOLOGISMORA HURBILTZEKO AUKERA BAT

Fruta eta barazkientzat telazko poltsak

Ostiral honetan aldaketa klimatikoaren aurkako oihu bateratua entzun dugu Europako ikasle guztien eskutik; bada garaia bizitza ekologikoago bat besarkatzeko. Nondik hasi ez badakizu, errazena supermerkatuan dituzun ohiturak aldatzea da. Ahaztu behingoz plastikozko poltsak eta lortu itzazu telazkoak. Aitzakiarik ez! Horrekin batera, jarraian dituzu fruta eta barazkiak erosteko plastikozko poltsatso txiki eta alferrikako horiek ekiditeko telazkoak; merkeak dira, ia bizi osorako balio dutela kontuan hartuta! Bartzelonan egiten dituzte.

4) INSTAGRAMEN JARRAITZEKO ORRIALDE BAT

@StreetArtGlobe

Artearen munduko gauza harrigarri zein dibertigarrienak ezagutu nahi badituzu, jarraitu beharreko kontua da @StreetArtGlobe. Arte urbanoa, moda, marrazkilaritza, eskultura... guzti hori eta barre egiteko moduko edukiak eskaintzen dituzte egunero. Egun euritsu batean etxeko sofan botata asperturik bazaude, bisitatu!

5) LIBURU BAT

'Fire & Blood' George R. Martin

Dagoeneko hilabete eskas gelditzen da Game Of Thrones telesail famatuaren azken denboraldia estreinatzeko, baina... gai zara Westeros-eko azpijoko, mendeku eta nahasmen guztiak ulertzeko? Telesaila amaitu aurretik inork baino hobeto ulertu nahi badituzu fikzio honen nondik norakoak, irakurri George R. Martinek berriki argitaratu duen Fire & Blood eleberria; bertan, Targaryen etxearen historia ezagutuko duzu, dragoi erraldoiek zeruak menderatzen zituztenekoa. Zinez interesgarria!