Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen! Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-ikusi-entzun-jolastu-eta-irakurtzeko-5-proposamen-18/@@download/image/bostgomendioak_home.jpg
2019/07/19

 Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.
Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

DISKO BAT
Weezer – Weezer [White Album] (2016)
Oraintsu BBK Live jaialdian jotzen egon badira ere, ez da hori disko hau aukeratzeko erabili dudan irizpidea. Besterik gabe, uda giroa ederki islatzen duen pop disko sinple bezain bikaina delako. Eguzkia abestietan bilakatua. Weezer-en ahalmen edo madarikazio handiena diskorik borobilena egiteko gai diren bezain beste egin dezaketela diskorik alrebesena. Hain justu, disko borobil honen ondoren hainbat lan trakets argitaratu dituzte (ez entzun Black album faborez), baina noizean behin horrelako altxorrak eskaintzen dizkigutenez, merezi du taldeak egiten duenaz adi egotea.

TELESAIL BAT
Pushing daisies – Bryan Fuller (2007)
Bryan Fuller Hannibal telesail aztoratzailearen sortzailea baldin bada ere, oraingo honetan kontrakoa eskaintzen digu: kolorea eta pastelak. Kontrasteak atsegin ditu eta ederto moldatzen da muturretan. Plano bakoitzean, jantzi bakoitzean, elkarrizketa bakoitzean edertasuna bilatzen da. Askorentzat beharbada gehiegizkoa, baina abisatu dizut zenbat maite dituen kontrasteak Fuller-ek. Hori onartzeko prest bazaude izugarri gozatzeko istorioa dakar. Hauxe da telesailaren premisa: Mutil bat eta neska bat hezurretaraino maiteminduak. Ezin dute elkar ukitu neskak ez badu hil nahi behintzat. Ez dut deus gehiago gehituko, deskubritu zuk zeuk Fuller-ek proposatzen duen mundu koloretsua!

PELIKULA BAT
Jeux d'enfants – Yann Samuell (2003)
Amelie pelikularen estetika du, baina kontatzen duena, hasieran ez badirudi ere, askoz ere ilunagoan bilakatzen joango da. Umetan Sophie eta Julien-en artean sortzen den erronken jokoak denbora zehar bizitza propioa hartuko du, handitzen doazen heinean muturreraino eramanez ume-jolasa zena, gorroto-maitasun etengabean. Maitagarrien ipuin modernoa bailitzan, maitasun istorio eder bezain groteskoa narratzen du. Liluratuko zaitu, baita frustratu ere, beharbada gorrotatzen amaituko duzu, baina ziur ez zaituela indiferente utziko.

JOKO BAT
Hidden Folks
Hidden Folks bideo-jokoen munduan bitxikeria zoragarri bat da. Wally-ren bertsio animatu eta eguneratu bat da nolabait esatearren. Egungo teknologia probestu du jokoak horretarako, baina ezaugarri artisauak alboratu gabe. Horregatik, jokoak dituen 25 pantailak eskuz marraztuak daude eta azaltzen diren 1.600 soinuak autoreen ahotsarekin grabatuak izan dira. Punta-puntako azken smartphone modeloan jokatu daitekeen joko organiko entretenigarria.

ILUSTRATZAILE BAT
Mari Matraka @mari_matraka
Mari Matraka Edurne Kortabarria da eta emakumeon gorputzek eskaintzen duten aniztasun, aberastasun eta borrokak islatzen ditu bere ilustrazioetan. Lerro gutxi batzuk marraztuz aldizkarietan azaltzen diren gorputz ezinezkoak desafiatzen ditu, benetako edertasuna aldarrikatuz. Horrela, mota guztietako gorputzak azaltzen dira bere marrazkietan, euren inperfekzio perfektuekin. Bere ilustrazio minimalistak gustatu bazaizkizu jakin koaderno, poltsa, kamiseta eta laminetan ere aurki ditzakezula bere web guneko dendan.