Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen! Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/asteburuan-ikusi-entzun-jolastu-eta-irakurtzeko-5-proposamen-14/@@download/image/gomendioak_home.jpg
2019/06/14
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.
Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!

TELESAIL BAT: Years & Years

Telesail honek ez du behar besteko burrunba sortu, baina sekulako harribitxia da. Black Mirror baina askoz hobea, esango nuke. Kapitulu bakoitzak sekulako erritmoa du, eta kontatzen duena... errealegia dirudi istorio distopiko moduan kalifikatzeko. HBOn aurkituko duzue, eta adi, datozen urtetan bizi dezakeguna kontatzen du eta... gure etorkizun hurbilaren spoiler beldurgarri eta zirraragarria da telesail hau.

MUSIKARI BAT: Ludovico Einaudi

This Is England edota Intouchables filmetako soinu banden egile, Ludovico Einaudi egungo pianista bikain eta ezagunenetakoa da. Musikari italiarrak album sorta harrigarria argitaratu du, eta mundu osoan eskaini ditu kontzertuak. Azaroan, Donostian izango da, Kursaalen. Bere musika minimalista da, klasikoa eta garaikidea bikain nahasteko ahalmena du, eta sari ugari irabazi ditu. Deskubritzeak merezi du.

PLAN BAT: Grises

Uztailak 5 plan hoberik ez baduzu, Donostiako Dabadaba aretora gerturatzea gomendatzen dizut; bertan Grises talde zestoarraren emanaldi bereziaz gozatzeko aukera duzu. Zergatik berezia? Bada aurten taldeak soilik 3 kontzertu eskainiko dituelako atseden hartu aurretik, Raul bajistari agurra emateko. Animatu beraiekin dantzatzera eta Rauli merezi duen agur beroa ematera!
Sarrerak: www.dabadabass.com

DERRIGORREZKO BISITA BAT: Graxiana, sorginen ostatua (Zugarramurdi)

Asteburuan gure bazterrak bisitatzeko asmoz bazabiltza eta Zugarramurditik igarotzeko plana baduzu, ezin duzu bertatik ospa egin Graxiana sorginen ostatua bisitatu gabe. Bertan bazkaltzeko gomendioa egiten dizut; langile jatorrak eta primerako menua, prezioz ezin hobea. Gainera, herriko bista ederrak ikusiz bazkaltzeko aukera duzu, beren portxe bikainean.

APP BAT: To Good To Go

Dirutxo bat aurreztu eta janaria alferrik galtzea ekidin nahi baduzu, probatu To Good To Go aplikazioa. Euskal Herrian, geroz eta jatetxe gehiago batu dira ekimen honetara; hala, soberan duten janaria erosteko aukera duzu, merke-merke! Platerkada gozo bat erosi dezakezu 3-5 eurotan. Erabiltzen oso erosoa da, eta zin dagizut merezi duela. On egin!