Asteburuan ikusi, entzun, jolastu eta irakurtzeko 5 proposamen!
Gelditzea denbora galtzea dela sinestarazi nahi digun gizarte honetan, beharrezkoa da guretzat parentesiak sortzea. Hementxe dakarkizugu denbora horretan zure lagun min bihurtu daitezkeen zenbait gomendio.
DISKO BAT
North Star Deserter (2007) – Vic Chesnutt
Ez zen inoiz izan Vic Chesnutt-en helburua originala eta apurtzailea izatea. Barruraino iritsi eta entzulearentzat zerbait esan nahi zuten abestiak sortzea zuen helburu, musikaren artisau bat bailitzan. Ez da helburu makala! 18 urtetan gurpildun aulkian aurkitu zuen bere burua eta ordutik, urrikalmendua ekidinez, melodiak, sokak, akordeak eta bere ahots apaindurarik gabea erabili zituen hegan egiteko. Disko honekin ezagutu nuen iaz Chesnutt, berandu penatu nintzen beraz bere heriotzaz, baina aldi berean, horregatik honako hau bezala, disko forman utzitako beste harribitxiak deskubritzeke dauzkat oraindik.
TELESAIL BAT
Utopia – Dennis Kelly (2013)
Telesail britainiar honek modu bikainean uztartzen ditu suspensea, umore beltza eta zientzia fikzioa. Utopia deitzen komiki baten zale diren pertsonaia arraroak dira istorioaren muina. Hortik tiraka, oharkabean hasierako planteamenduarekin zerikusi gutxi duen lekura eramaten zaitu telesailak. Pertsonaiek indar gehiago hartzen dute, itxurak ez dira ematen dutenak eta errealitatea gehiegi nahasten da fikzioarekin. Ez da beharbada guzti guztientzako, baina aukera bat ematen badiozu ziur ez zaituela aiherga utziko.
KOMIKI BAT
Persépolis – Marjane Satrapi (2000)
Marjane Satrapi marrazkigile iraniarraren nobela grafiko hau autobiografikoa da. Zuri beltzean dago osorik eta bertan, bere bizitza markatu zuten etapak azaltzen dira: Bere haurtzarotik hasi eta iraultza islamiar arte, baita ondorengo helduaroko Europako etapa zaila ere. Komiko marrazkiak nahiko sinpleak dira, testuak, kontatu nahi duenak izan dezan garrantzia. 2007An komikia zine pantailetara eraman zuen Vincent Paronnaud-ek marrezki bizidun itxuran eta arrakasta sekulakoa izan zen. Komikitik hastea gomendatzen dizuet, baina alderantziz eginda ere ziur berdin liluratuko zaituela.
LIBURU BAT
Amek Ez Dute – Katixa Agirre (2018)
Arabarrak lehen pertsonan hausnartzen du nola erail ditzakeen ama batek bere seme-alabak eta hortik amatasunak dakartzan zailtasunak azalarazten ditu, nola amatasunak indibidualtasuna ezabatzen duen munduaren begietan. Eleberriak asko du nobela beltzetik, entsegutik, baina baita ironiatik ere, guztia oso modu orekatuan azaltzen delarik. Narrazio osoan zehar tentsioa mantentzen da irakurlea erabat harrapatu arte. Egungo garaietarako hausnarketa ezinbestekoa.
MARGOLARI BAT
Theresa Hunt @theresahuntartist
Ekaitz betean, ekaitza iristean edota ekaitza pasa berritan dagoen zerumuga behatzea bezalakoa dira There Hunt australiarraren margoak. Itsasoa zabal baten aurrean zeruak sortu ditzakeen atmosfera guztiak ederki islatzen dute artisten pintzelek; orain bare, orain haserre, orain triste, orain malenkoniatsu, orain itxaropentsu. Hori da behintzat nik ikusten dudana, zer ikusten duzu zuk? Argi dagoena da ederki islatzen dituela gure gogo aldarte eta emozio sakonenak abstrakzioaren zehaztasunez.