Asteburuan Euskal Herriko Kantu Txapelketaren finala, Donostian

Zazpi lurraldeetako finalerdiak egin dituzte dagoeneko, eta bakoitzeko launa ordezkari hautatu dituzte. Bakarka, binaka eta taldeka, larunbat honetan —ekainak 16— Donostian arituko dira nor baino nor. Sarrerak salgai dira Donostiako Antzoki Zaharreko lehiatilan, eta internet bidez ere eskuratu daitezke. Euskarazko kantagintza eta euskal abeslari berriak bultzatzeko asmoa du Euskal Kantuzale Elkarteak antolatutako ekimenak.


Euskal Kantuzaleen Elkartea 1985ean sortu zen Iparraldean, eta Euskara Abesti Lehiaketa antolatu zuen, helduentzako euskal kantuen lehiaketa. Bi urte beranduago, Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ere batu zitzaizkien, eta beren lurraldeetan haurrei zuzendurikoak antolatu zituzten. Ekimenak indarra hartu zuen pixkanaka, eta 1992an, orain hogei urte, Euskal Kantuzaleen Elkarteasortu zen.

Geroztik, makina bat lehiaketa eta jarduera antolatu dituzte, horien artean, lau urtean behin egiten den Euskal Kantu Txapelketa nagusia. Aurreko finala, 2008koa, Bilbon izan zen, eta aurtengoa Donostian egingo dute asteburu honetan.

Helburu nagusia euskaraz abesten duten kantari eta taldeei laguntza eskaintze da, harrobi lana egitea, eta kanta berriak sortzen joatea. Izan ere, lehiaketatik pasa diren hainbat eta hainbat kantari ezagun egin dira gure artean, hala nola, Eñaut Elorrieta, Etzakit taldea, Mikel Urdangarin, Patxi Saiz, Ansa ahizpak, Lain taldea edota Izaro Saizar.

Epaimahaia lurralde bakoitzeko ordezkari batez osaturik dago, eta hitzak, melodia, ahotsa, trebetasuna eta adierazkortasuna hartuko dituzte kontuan emankizuna baloratzerako orduan.

Sariei dagokienez, parte hartzaile guztiei aurikularrak eta ikuskizunaren bideoa emango zaizkie, eta horrez gain, bakarkako, bikotekako eta taldeko 1. sariak, eta sorkuntza lan hoberenaren saria banatuko dituzte.

Sarrerak gaur bertan jarri dituzte salgai 10 eurotan, eta internet bidez ere eskuratu ahal izango dituzue hemen. Ez aukera galdu, eta hurbildu Donostiako Antzoki Zaharrera euskal musika onaz gozatzera!

Finalistak


Araba
Laura Maria Peña Legutioko bakarlaria
Nerea Uribe Aguraingo bakarlaria
Xabier Zurbanoa eta Zuriñe Barrasa gasteiztarrek osaturiko bikotea
Aiara, Xabier eta Zuriñe gasteiztarren osaturiko taldea

Baxe Nafarroa
Agustin Alkhat bakarlaria
Maitena Monako bakarlaria
Miren eta Maylis Etxartek osaturiko bikotea
Amokatiketan taldea
Pausaleko taldea

Bizkaia
Irantzu Rojo Barakaldoko bakarlaria
Olatz Goikoetxea eta Esti Olivares Zeanuriko bikotea
Leire eta Iker Elustondo ermuarren bikotea
Zehatz talde lekeitiarra

Gipuzkoa
Jon Anza donostiarra
Lorea Intxaurrandieta Lezoko bakarlaria
Inza Unanue eta Olatz Lizaso oriotar bikotea
Keiran taldea, Alegiakoa

Lapurdi
Antton Larrandaburu bakarlaria
Marilou Lapeyrade eta Joana Aguerre bikotea
Hiru Soinu taldea

Nafarroa
Naia Barriola leitzarra
Naia Lopez eta Sabina Iguiñiz iruindarrek osaturiko bikotea
Auritzberriko taldea

Zuberoa
Anne Bidelun bakarlaria
Maite Saraillet eta Graxiana Castillonek osaturiko bikotea
Cludine Arhancet eta Elsa Oliarren bikotea
Zibero Sport taldea