Asier Villalibre futbol jokalaria Eusko Jaurlaritzaren Euskara Aholku Batzordeko kide izendatu dute
Legealdi berriko lehen osoko bilkura egin dute aste honetan eta bertan izan da jokalari gernikarra.
Eusko Jaurlaritzak osatutako Euskararen Aholku Batzordeko kideak aste honetan batzartu dira legealdi berriko lehen osoko bilkuran, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan. Bertan Euskararen Plan Estrategikoaren eduki nagusiak aurkeztu dituzte, "euskararen ezagutzan eta erabileran jauzi kualitatiboa" emate aldera.
Euskararen Aholku Batzordeko hogeita sei kideek hartu dute parte batzarrean. Eusko Jaurlaritzako eta erakunde publikoetako ordezkariez gain, adituek osatzen dute batzordea eta horietako bat da Asier Villalibre futbol jokalaria, "Gernikako bufaloa" ezizenez ere ezaguna dena.
Futbolzale eta euskaltzale askok gogoan izango dute iaz, Errege Kopa irabazi eta geroko ospakizunetan, Villalibrek Bilboko udaletxeko balkoitik egindako adierazpenak. Athleticeko jokalariak balkoian bildu ziren, eta zaleei hitz egin zieten. Ez zen euskara askorik entzun, baina gernikarrak honako hau esan zuen: "Ez dizuet txapa handirik sartu nahi. Eskerrik asko denoi etortzeagatik. Hainbeste jende zaudete hemen, hainbeste gazte; beti esaten da guk influentzia handia dugula. Gura dizuet esan ez ahazteko inoiz Athleticen oinarri garrantzitsuenetariko bat: hori euskara da. Ez dakizue benetan zer polita den zuek denok euskaraz entzutea San Mamesen, Bilbon, kalean, edonon. Gazteei: segi euskaraz berba egiten; nagusiei: segi euskaraz irakasten. Segi dezagun gure oinarrietako bat bizitza osoan eramaten. Gora Euskal Herria".
Alavesen ari den jokalariak euskararen aldeko langintzan jarduteko ardura izango du hemendik aurrera batzordeko gainerako kideekin batera. Villalibrez gain, honako aditu hauek ere badira taldean, besteak beste: Itziar Laka, Jon Sarasua eta Ana Urkiza. Batzordeko kideek Euskararen Plan Estrategikoari ekarpenak egiteko bi asteko epea izango dute.