Asier Serrano: Euskal gazteria oso pasiboa da
Aiako eskolan, bi, hiru eta lau urteko haurren irakaslea da. Hala ere, Zarautzen bizi den 27 urteko eibartar hau idazle eta musikari bezala da ezaguna. Lorelei-n ibili ondoren, "Ez esan inori" bakarkako diskoa egin du. Duela gutxi "Hoteleko kontuak" hirugarren liburua karrikaratu du. Asier Serrano da.
Gaztetatik errezitaldiak egiten hasi zinen, idazle eta musikari, irratiko kolaboratzaile "Showman" samarra zara, ezta?
Gehienbat ipurterrea naizela uste dut. Bizirik sentitzea gustatzen zait, eta egun guztiak ezberdinak izan daitezen ahalegina egiten dut. Dena dela, gezurra dirudien arren, lotsatia naiz eta beraz, niretzat, errezitalak egitea edo zuzenean aritzea lotsa hori kentzeko modu bat da. Bestalde, nire ustez, idazleak aktiboa izan eta irakurlearekin lotura sendoa izan behar du. Errezitaldiek edo literatura musikarekin uztartzeak aukera ematen dute horretarako.
Ideia horiek eskolara ere eramaten al dituzu?
Asko gustatzen zait haurrekin harremanetan izatea, haur sentitzea atsegin dudalako, besteak beste. Bai, umeekin ere nahiko "showboya" naiz: ipuinak elkarri kontatu, dantza egin, abestu
Egun inoiz baino idazle gazte gehiago dagoela dirudi.
Liburu asko kaleratzen dira Euskal Herrian eta kalitatearen aldetik, izugarrizko maila dagoela uste dut. Ni, ordea, beldur naiz ez ote garen liburu asko ateratzen ari, beste gauza batzuk bultzatu beharrean, irakurzaletasuna, adibidez. Euskal Herrian idazle kopurua eta haien kalitatea ez datoz bat irakurle kopuruarekin eta haien kalitatearekin. Pentsa, idazle konsagratu batena ez bada, liburu batek ez ditu 300 ale ere saltzen
"Ez esan inori" diskoa karrikaratu duzu bakarka. Lehenago Lorelei proiektuan ibili zinen Mikel Gorosabelekin. Zertan da egitasmo hura? Izan ere, Loreleik arrakasta handia izan zuen
Loreleiren lehen diskoa oso era naturalean atera zen; disko erraza zen, freskotasun handikoa. Bigarren diskoan, berriz, geure buruari gehiago begiratu genion, geuk nahi genituen musika eta letrak egin genituen, pop taldeen betiko irudia apurtu nahi izan genuen, baina jendeak disko hori ez zuela ondo ulertu uste dut. Gero zenbait arazo izan ziren, nik maila pertsonalean urte gogorra izan nuen, eta bakarkako bidea urratzea erabaki nuen. Dena dela, Mikelek eta biok ezin dugu elkarrengandik urrun egon, primeran moldatzen gara, eta agian, bizpahiru urte barru itzuli egingo gara.
Letragile lanetan ere aritu zara hainbat musika talderentzat: Eskixu, EH Sukarra, Gari Zer sentizen duzu norbait zuk egindako letra gaizki kantatzen ari dela entzuterakoan?
Behin baino gehiagotan gertatu zait. Baina, 50 bat letra egin ondoren, zalantza sortzen zait letra benetan nolakoa zen! Eta musika taldeekin ere badira pasadizo barregarriak: behin Eskixukoei "politika" hitza jarri nien eta beraiek "polita" abestu zuten. Barregurea ematen dit, ez dut gaizki hartzen: letrak herriarentzat egiten dira eta herriak abestu behar ditu.
Itzul gaitezen liburu kontuetara. Gutxiegi irakurtzen al dute gazteek?
Irakurri irakurriko da: apunteak eta institutuan agindutakoa. Irakasleak aukeratzen du zer irakurri behar den, eta hori haurraren edo gaztearen askatasuna murriztea da. Horrez gain, beste literatura mota bat egin beharko litzateke, idazlearen eta irakurle gaztearen artean lotura sustatu beharko litzateke eta gazteentzako sail moduko bat sortu. Teknologia berriek ere literatura izorratu dutela uste dut; liburua eskuartean izateko plazer hori galtzen ari da eta.
Bestelakoan, nola ikusten duzu Euskal Herriko gazteria?
Oso pasiboa, ez du ardura berezirik, ez du etorkizunean pentsatzen edo bestela, bere etorkizuna aurrekoek gidatutako etorkizun hori dela pentsaten du. Bere bizimoduari dagokionez, ez du inongo iraultzarik nahi. Hau kritika bat da. Nik faltan ditut garai batean edo nire inguruan zeuden gazte aktibo haiek.
Udalekuetako patxarana
Kultur munduko hamaika saltsatako perrexila izateaz gain, kirolzalea dugu Asier Serrano. Korrika egitea gustatzen zaio, eta Donostiako maratoian parte hartzeko asmoa du. Dena dela, bere balentriarik handiena duela urtebete egin zuen, Kilimanjarora igo zuenean. Hamaika pasadizo ditu kontatzeko bidaia hartaz. Esaterako, joaneko bidaian, Etiopian, maletak galdu ziren eta bost egun pasatu nituen kantzontziloak aldatu gabe. Okerrena da, bueltan berriro ere maletak galdu zituela Etiopian bertan! Umeekin lan egitea izugarri gustukoa du. Duela hamar bat urte, udalekuetan begirale lanetan ari zela, haur bat ahoan mina zuela esanez joan zitzaion: Asierrek, nahi gabe, Oraldine botika eman beharrean, zer emango eta patxarana! Beste begirale batek auskalo zer ulertu zuen, edalontzia eman zidan niri eta nik haurrari eman nion. Hori bai, biharamunean umeak ez zuen minik!.