Asier Altunaren 'Bertsolari' filma emango dute Bilboko BBK aretoan
Bertsolaritzaren bat-batekotasunaren eta bilakaeraren kontakizuna egiten du modu poetikoan.
Asier Altuna zinemagilearen Bertsolari (2011) film dokumentala eskainiko dute gaur, osteguna, Bilboko BBK KUNAko kafetegian. Bertsolaritzaren munduan murgilduko ditu ikus-entzuleak, modu poetikoan eta irudi ikusgarrien bidez.
Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Jon Sarasua, John Miles Foley, Joseba Zulaika eta Miren Amurizaren jardunari erreparatzen dio dokumentalak, bertsolaritzaren eta bat-batekotasunaren ekosistema azaltzeko. Ahozko tradizioren bilakaera aztertzen da, garaietara egokitzea eta belaunaldi gazteekin konektatu izana.
Dokumentala Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu zen eta Euskal Herriko, Madrilgo eta Bartzelonako zinema-aretoetan estreinatu zen gero. Harrera ona izan zuen publikoaren aldetik, hamasei mila pertsona baino gehiago bildu baitzituen pantaila handiaren aurrean. Mundu osoko hainbat jaialditan ere parte hartu du filmak.
Emanaldia 19:00etan izango da, eta doako sarrera izango du.