Asier Altunaren 'Amama' filma emango dute gaur ETB1en

'Zinea Zetaz' saioan ikusi ahal izango da, 22:15etik aurrera.

Asier Altuna zinemagile bergararrak 2015ean kaleratutako Amama filma emango dute gaur gauean ETB1eko Zinea Zetaz saioan. Itziar Ituñok eta Eneko Sagardoyk aurkezten dute zinearen inguruko saioa. 

Amama filmak baserriaren eta kalearen arteko gatazka erakusten du, eta baita tradizioaren eta bizimodu berriaren arteko talka ere. Bestetik, gurasoen eta seme-alaben arteko ezin ulertua ere kontatzen da pelikulan. Azken finean, bizitza bizitzari aurre egiteko modu ezberdinak daude jomugan, elkarren aurka.

Bi mundu horien artean gatazkan dagoen familia baten istorioa jasotzen du, beraz, filmak, sentiberatasunez eta irudi ederrez lagundua. Eta guztiaren lekuko isila da amama. Sinopsiak azaltzen duen moduan, “familia bat, bi mundu. Jatorri bat, bi norabide. Eta badoan mundu baten eta badatorren beste baten aurrean, lekuko isil". 

Asier Altuna zuzendariak berak idatzitako filma da, Telmo Esnal eta Michel Gaztanbiderekin batera. Filmeko aktoreak Amparo Badiola, Klara Badiola, Iraila Elias, Nagore Aranburu, Ander Lipus, Kandido Uranga eta Manu Uranga dira. 

Gaur gauean ikusi ahal izango da, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus atarian.