Asgarth berriro erasoka
Zein azkar pasatu den denbora! Konturatu orduko, Asgarth-ekoen beste disko bat kalean dugu, eta oporraldia bukatu zaie. Tartean ezer gertatu ez balitz bezala. Laster zuzenekoetara itzuliko dira indarberriturik.
Asgarth-ekoak, atsedenaldi honetan, ez dira segundu bat geldirik egon. Oporraldia? Ez. Lehenik disketxe bila hasi ziren eta horrek liskar eta buruko min ugari ekarri zien. "Uste genuen garai berri bati ekiteko garaia zela. Gauzek ezin zuten lehen bezala jarraitu. Agian kanpotik ez genuen irudi hori eman, baina aldaketa sakon hauek egiten direnean, arrazoi indartsuak behar dira. Hainbat disketxerekin hitz egin genuen. Gor-eko arduradunek, hasieratik, gauzak oso ondo eta argi esan zizkiguten eta beraien eskaintza onartu genuen", adierazi digute Asgartheko Unai Zabalak eta Ander Cañasek.
Gor-ekin fitxatu ondoren, diskoa konposatzeari ekin zioten. Baina lan hau ere erlojuaren kontra egin behar izan dute, grabazioaren data finkatuta zegoelako. Erlojuaren mehatxupean konposatzea ez dator lasaitasunarekin bat, eta abuztu amaiera aldera urduritasuna nagusitu zen Añorgako lokalean. Urduritasuna lagun, Asgartheko lagunek lanerako mozorroa jantzi zuten eta kantuak garaiz amaitu zituzten. Kantuok maketatxo batean grabatzeko, entzuteko eta azken ukituak emateko tartea ere izan zuten. "Lokalean maketatxo bat egin genuen Utikan-eko Ikerren laguntzarekin. Gauza hauek egitea ondo dago, estudioari begira ideiak argitzeko", esan digute añorgatarrek.
Hilabete egin zuten ondoren, Nafarroako Sonido XXI estudioan. Primeran konpondu ziren bertako teknikari San Martin anaiekin heavy peto-petoak hauek ere- eta eskuartean dugun "III" diskoa da emaitza. Asgarth-en lanik sendoena eta helduena. "Disko berria gogorragoa atera zaigu. Baina betiko heavy metaletik aldendu gabe. Ahotsa eta musika gogorragoak dira. Asierrek zenbait kantutan ahotsa urratuz kantatu du eta gitarra riff-ak ere astunagoak dira. Orain egiten ditugun kantuek, egia esan, ez dute duela bi urtekoekin zerikusirik. Alde handia dago...", diote taldeko kideek.
Estudioan presarik gabe egotea zen taldearen erronketako bat. Izan ere, aurreko bi diskoak presaka ta korrika grabatu behar izan zituzten, eta orain beraien balioa erakutsi nahi izan dute. Estudioan lasai egon eta ideiei aterabidea eman. Ondorioz, teklatuak entzungo dituzu lehendabizikoz Asgarth-en musikan. Ez dira oso nabarmenak baina hor daude, "koltxoia egiten". Gitarrak ere oso zainduak dira, eta batez ere, ahotsaren lana nabarmentzekoa da. Oso produkzio ona egin dute. "Xehetasun guztiei erreparatu diegu, behingoz ahal izan dugu eta. Orain arte ez zegoen horretarako aukerarik, beste bi diskoetan ez genuen tarterik izan. Gitarra asko, lehenengo saiakeran atera ziren bezala gelditu ziren grabatuta. Oraingoan, ordea, denbora izan dugu dena fundamentuz egiteko. Badakizu zer nahi duzun eta nola lortu. Baita zer egin behar den eta zer ez...", baieztatu digute Unaik eta Anderrek.
Jakina da Euskal Herrian Durangoko azoka proba esanguratsua dela edozein talderentzat, eta Asgarthekoek diskoa bertan egotea lortu zuten. Krisiaz hitz egiten digute disketxeek, gutxiago saltzen omen da, baina Gor-eko arduradunak apustu segurua zuten eskuartean. "Ez ditugu datu orokorrak baina azokan oso ondo saltzen ari zen III". Asgarthekoek disko pila sinatu zuten, zaleen zoramenerako, eta argi gelditu zen gazteek ez dutela taldea ahaztu.
Orain, zuzeneko emanaldiak buru belarri prestatzen ari dira, eta laster hiruzpalau kontzertu berezi antolatuko dituzte "III" disko berria zuzenean aurkezteko. Hau izango da disko berriaren azken froga. Taulen gaineko froga. Zorte on eta eutsi goiari!