Asel Luzarraga: "Lehen Munduak ez nau erakartzen"
"Utopiaren Itzalak" du izenburua Mundakako idazlearen nobela berriak. Utopikotzat joko dituzte askok, seguru aski, Luzarragaren sinesteak; arriskutsutzat Txileko agintariek. Atxilo aldiaren eta epaiketaren amesgaiztoa pasatuta, Euskal Herrira etorri da, gutxirako bada ere, eta tartea egin du gurekin literaturaz baino haragoko kontuez ere hitz egiteko.
Kartzelak, Txilen eta hemen, deitoragarriak ezta?
Tira, nik hemengoak, barrutik, ez ditut bizi izan. Hango jendarme batek komentatu zidan, berak Europako kartzelak ere ezagutzen dituelako, estandarrak ezberdinak direla; baina bai, funtsean denek dute helburu bera. Denak dira arazoaren parte eta ez arazoaren konponbide.
Txileko hedabideek, nola ez, paper garrantzitsua jokatu dute auzian. Zure jatorri euskalduna eta ideia anarkistak baliatu dituzte maputxeen alde egindako lana kriminalizatzeko.
Bai, argi dago, batetik, euskaldun izateagatik ikertu nindutela. Gero, ikerketa horretatik abiatuta ikusi zuten anarkista nintzela eta, bestalde, nik maputxeen alde idatzitako artikulu bat baliatu zuten jazarpen politiko hori nolabait zuritzeko. Titularretan-eta, hori zen irudia: euskalduna, anarkista, punkya ezaugarri txarrak balira legez. Bitxia da, bestalde, nire jatorriarekin nola jolastu zuten. Ni kriminalizatzeko zenean, euskalduntzat hartzen ninduten; baina nire alde egiteko zenean, komunikabide berberetan, espainol esaten zidaten! barrez.
Zein da zure egia? Nahiz eta agian ez duzun zure burua defendatzeko beharrik ere sentituko
Oso argi geratu da hasieratik esan nuena. Txilen ez nuen sekula legez kontrako jardunik izan; lekuko deserosoa nintzen haientzat eta, gainera, kanpaina politikoaren erdian behar zuten puzzle pieza nintzen. Legez kontrako ezer egiten ez nuenez, eurek beraiek asmatu behar izan zuten zerbait, eta muntaia poliziala egitea besterik ez zitzaien geratu, eurek nire etxean jarritako gauzei argazkiak egin eta hori baliatu.
Nola baloratzen duzu ingurukoen erantzuna eta erreakzioa?
Sortu zen elkartasun mugimendua oso polita izan zen berezko gauza izan zelako eta pentsamendu desberdinetako pertsonak batu zirelako. Dudarik gabe, horrelakoak oso garrantzitsuak dira norberaren animoarentzat eta, bestetik, agintariei presioa egiteko. Argi daukat ni txiletarra edo, are gehiago, maputxea izanez gero oraindik kartzelan egongo nintzatekeela.
Instituzioek, ordea, ezer gutxi egin dute.
Anarkista izanik, egia esan, ez nuen lar espero erakundeen aldetik; eta ez dut ezer jaso. Eusko Jaurlaritzatik-eta hurbilketa txikiena ere ez, deirik ez baina, beno, espero ere ez nuen espero eta, beraz, zentzu horretan ez dut inolako frustraziorik sentitu.
Agian egunen batean idatziko duzu nobelaren bat esperientzia hau oinarri hartuta. Ez dakit ohitura ote duzun lehenengo pertsonan bizitako esperientziak edo pasarteak gero fikziozko istorioetan txertatzeko
Nire liburuetan beti daude gauza txikiak niri lotutakoak edo ingurukoei lapurtutakoak barrez. Eta orain, bai, banabil liburu bi idazten. Bata fikziozkoa, Txilen gertatutakoak zeharka bada ere jasoko dituena; eta bestea kronika moduan historia oso-osorik kontatuko duena. Azken hau izango da, gainera, gazteleraz idatziko dudan lehenengoa eta agian bakarra. Era xumean bada ere, han antzeko egoeratan daudenentzako tresna baliagarria izan dadin nahi dut, hango errepresioa ikaragarria da eta.
Noizko?
Buf! Datak jartzea pila bat kostatzen zait! Gaztelerazkoa datorren urterako egotea nahiko nuke. Bestea, fikziozkoa, nahiko aurreratuta daukat, baina ez diot eperik jarri nahi. Berez etorriko da barrez.
90eko hamarkadan kokatu duzu nobela berria, Euskal Herrian. Non eta zertan zenbiltzan zu Iosu Eskorbuto hil zen urte hartan?
Garai hartan 20 urte nituen, 21 betetzeko. Enpresa ikasketak egiten nenbilen eta justu uda horren ostean hasi nintzen Euskal Filologia ikasten, nire oroimenak huts egiten ez badu behintzat. Punky izaten jarraitzen nuen, agian 80ko hamarkadako zurrunbilo hartatik aterata, apur bat baretuta, baina nire betiko izaera edo espiritu anarkistari eutsita.
Orduko gazteria eta gaur egungoa alderatzeko eskatuz gero? Nobela honetan presentzia handia duen gauzak aldatzeko ilusio eta grina hori galdu omen dugulako galdetzen dizut.
Uste dut gaztaroa atzean uzten dugun heinean beti dugula joera atzetik datozenak geure parametroen arabera neurtzeko eta horren arabera baloratzeko. Nik imajinatzen dut, gaur egun, gazteen artean badaudela beste modu batzuk agian aurrekook egin genuenari segitzeko. Horregatik, zaila da epaitzea, gure morala datozenenaren gainetik balego bezala, eta nahiago dut horretan ez sartu barrutik bizi gabe oso zaila delako ulertzea zerk mugiarazten zaituen. Baina egia da nire liburua badela deia botereari aurre egiteko eta daramagun norabideaz hausnarketa egiteko. Ahal den neurrian, planto egiteko.
Senitartekoak izan arren, elkar apenas ezagutzen duten bi pertsonaia jarri dituzu parez pare. Josu iloba junkiea eta Artur osaba enpresaria. Denborarekin, komunean uste baino gehiago dutela ikusiko dute.
Bai, biak, arrazoi desberdinengatik, apur bat bazterrean mugitu dira familiaren baitan. Baina Arturrek beti sentitu du Josurenganako maitasun berezia, nerabe zenetik bideratu nahi izan du, pentsarazi, liburuak bidaltzen zizkion Horregatik bera izango da egokiena Josu hartu eta, gaztearen bizitzako unerik kritikoenean, aurrerantz tiratzeko. Harreman horretan beti egongo da tentsioa Arturrek badituelako bere itzalak eta Josuk ikusten duelako gehiago direla osabak ezkutatzen dituen gauzak erakusten dituenak baino.
Durangon egongo da nobela. Zer iritzi duzu zuk Azokaren kontura?
Ba, egia esan, ez dut hausnarketa handiegirik egin eztabaida horren inguruan. Ez naiz inoiz larregi kezkatu merkatuaz eta salmenta kontuez. Industria alde batetik mugitzen da, baina egileok gorputzak eskatzen diguna egiten dugu. Egia da oso garrantzitsua dela han egotea, topagune bat delako; jendeak zu ikusteko, zuk jendea ikusteko zentzu horretan, adibidez, oso egitasmo interesgarria da Ahotsenea. Baina kritikak ere ulertzen ditut, asko nor bere burua erakusteko joaten direlako hara benetan kultura bizitzeko baino. Gainera, neurriz kanpoko zerbait bilakatu da eta euskal kulturak bizi duen errealitatearen irudi faltsifikatua ematen du. Dena dela, gehiago kezkatzen naute literaturatik kanpoko gizarte arazoek, idazleona oso mundu txikia da eta gure eragina hutsaren hurrengoa barrez. Apaltasun handiz hartu behar dugu gure lana.
Bestela ere, literatur eskola askotan aritzen zara. Euskal idazleen mundu txiki hori handitzera bideratutako errezeta edo formula al dira?
Idazleok ekarpen txiki bat egiten dugun herritar xumeak gara eta horregatik gure eginbeharra da, baita ere, gainontzeko herritar xumeekin batzea eta hitz egitea. Niri harreman horizontalak gustatzen zaizkit denerako, garrantzitsua da gure kezkak konpartitzea.
Tarte batez hemen egongo zaren arren, Hego Amerikara itzuli nahi duzula irakurri dut. Euskal Herriarekin desengainatuta, ala?
Ez Euskal Herriarekin Orokorrean, Lehen Munduak ez nau gehiegi erakartzen. Gure pribilejioak, gure itxurazko oparotasuna dena Hirugarren Munduan oinarrituta dago eta momentu honetan ikusten dut han gauza gehiago dagoela egiteko. Nire balioetatik, behintzat, mundu aldatzeko oinarria han dago, gizarte mugimendu oso interesgarriak daude. Hemen ere badaude baina, beharbada, ez naute larregi motibatzen. Ikusten dut gure kezkak, benetakoak izanda ere, beste leku batzuetan dauden premiekin alderatuta luxuzkoak direla.