'Artxipelagoa' audio-fikzioaren azken denboraldia estreinatu dute EITBPodkast-en
Denboraldi honetan, Itziar Ituño eta Aner Peritz ere arituko dira pertsonaiei ahotsa ematen.
Artxipelagoa audio-trilogiaren azken denboraldia estreinatu dute EITBPodkasten, zortzi ataletatik lehena. Gainerakoak, astelehenetan argitaratuko dituzte sarean.
Trilogiaren amaieran, ordena geopolitiko berriak agintzen du, klima larrialdiaren ondorioz, 2103an, bat-batean mundu osoko itsas maila kolpera igo zenetik. Ipar Afrikako Liga da indartsuena, baina lehia estua egiten dio Alpeetan gotortuta dagoen Germaniar Konfederazioak. Euskal Artxipelagoaren burujabe izateko nahiari arrakalak sortu zaizkio: Afrikako Ligaren aldekoak eta Germaniar Konfederazioarekin lerratu nahi dutenak elkarren kontra ari dira. Dena galduta dagoela dirudi.
Hirugarren denboraldiko lehen atalean, Jare, Iker eta Nizar Zuricheko portuan daude, Germaniar Konfederazioaren ateetan. Jarek bere iraganarekin talka egin du. Bitartean, Urbasako portuan Ipar Afrikako gudarosteak eta euskal artxipelagoko azken fakzioek euren estrategiak definituko dituzte.