Artoteka: arte garaikideko obren mailegua bultzatzen duen plataforma

Publikoak erabakitzen du zer obra eta zergatik eraman nahi duen etxera, edo lan espaziora, aldi baterako. Arte garaikidea herritarren eguneroko bizitzara hurbiltzea du xede.

Artotekak, artisten eta herritarren artean artelanak mailegatzea eta jarduerak bultzatzen dituen plataformak, Artoteka erakusketa zabaldu du, bilduma berriko obrekin eta artista berrien piezen aurkezpenarekin. Erakusketa apirilaren 13ra arte egongo da zabalik Barakaldoko Clara Campoamor zentroan, eta jendeak bertako obrak maileguan hartu ahal izango ditu. “Publikoak erabakiko du zer obra eta zergatik eraman nahi duen etxera edo lan espaziora. Obra horiek hartuko ditu eta haiekin biziko da, eta, gainera, askotan, egilea ezagutzeko aukera izango du. Oso interesgarria iruditzen zaie hiru hilean behin artista berri bat ezagutzeko aukera. Jende askok ulertzen du artea abiapuntu duen aktibismoa dela, tokian tokiko sorkuntza testuinguruari laguntzen diola; beste pertsona batzuei asko gustatzen zaie bestela eskuratzea ezinezkoa izango litzaiekeen lanez gozatu ahal izatea, eta, gainera, hiru hilean behin aldatzea. Kasu batzuetan, etxeko espazioa beste ikuspegi batzuetatik berraurkitzeko aukera bat da, eta, obren bidez, beste lotura batzuk ezar ditzakete. Harrera oso ona izaten ari da, baina beti kostatzen zaigu pentsamoldea eta dinamikak aldatzea. Asmoa da jarduera hori gure eguneroko bizitzan sartzea, beste elementu bat bezala”, azaldu du Laura Diez Artotekako koordinatzaileetako batek. 

Reshape Europako proiektuaren prozesutik sortu zen Artoteka iazko urtarrilean, arte garaikidea herritarren eguneroko bizitzara hurbiltzeko asmoz. SareanKarraskan eta Wikitoki -k hartzen dute parte proiektu honetan. Artelanen mailegua, eskola tailerrak eta tokiko artistekiko bitartekaritza eskaintzen dituen plataforma da, artea publikoari hurbiltzea eta kultura sustatzea helburu duena. “Gure asmoa da artelan garaikidea herritarrei hurbiltzea, arteaz etxean edo espazio intimo edo partekatuetan gozatzeko beldurra kentzea, bitartekaritza artistikoaren bidez artisten esanahiak, jakintzak eta praktikak erraztea eta bistaratzea, portaera sozialak aldatzeko. Artisten tailerretan gordeta dauden artelanen garrantzia azpimarratzea eta artelanok mugitzea”,  adierazi du Oihane Sanchez erakusketaren antolatzaile eta Artotekako artistak. 

Artotekaren lana herriko artisten artelanen bilduma prestatuz hasten da. Ondoren, artelan horiek jendaurrean aurkezten dira, eta jendeak aukera dauka etxeetan, lantokietan edo beste espazio batzuetan jartzeko, gutxienez hiru hilabetez, maileguan alokatu nahi dituzten piezak hautatzeko . Azkenik, plataformak bitartekaritza jarduerak diseinatzen ditu interesdunaren, artistaren eta espazioaren beharren arabera, eta obren garraioa eta muntaketa gainbegiratzen ditu.  

Arte bildumazaletasunaren inguruko ideia eraldatzeko asmoa du ekimenak: “Obra horietakoren bat gustuko baduzu, hilean 50 euro bakarrik ordainduta eraman dezakezu etxera. Gainera, mailegua luza dezakezu, obra alda dezakezu eta, are gehiago, erosi egin dezakezu”. Horretarako, erabiltzailea, norbanako edo enpresa, web orrian sartu beharko da, nahi duen obra artistikoa aukeratu, formularioa bete, kontratua sinatu eta obra etxera eraman ahal izango du. Alokairu denbora igarota, erabiltzaileak obra itzuli beharko du, eta beste bat alokatu ahal izango du.  

Bestelako eremuetara zabaldu
Honelako ekimen gehiago antolatzeko asmoa dute aurrerantzean, baina erakusketa formatutik kanpo, "artelanek artearekin zerikusirik ez duten beste espazio batzuk har ditzaten". "Ziur aski, etorkizun hurbilean, aurkezten ditugun lanak martxan ikusi ahal izango dira udalerrietan; obra batzuk ikastetxe batean ikusiko dira, beste batzuk egoitza batean, beste batzuk osasun zentroan, beste batzuk kiroldegian. Artea erakusketa ikustera berariaz hurbiltzen ez diren beste publiko batzuetara eramango da; hau da, lanarekin ustekabean egingo dute topo”, esan du Laura Diezek.