Artista Liburuari buruzko topaketak Donostian asteburuan
80 artistak baino gehiagok hartuko dute parte erakusketan, eta hitzaldiak eta familientzako tailerra ere izango da egitarauaren barruan.
Artista Liburuari buruzko topaketak antolatu dituzte seigarren aldiz eta Donostiako San Telmo Museoko elizan kokatuko dira asteburuan. Artista liburu erakusketa, familientzako tailerra eta besteko ekintzak izango dira egunotan.
Gaurtik igandera egongo da zabalik 80 artista eta kolektibo baino gehiagoren artista liburuen erakusketa. Obra gehienek urtean zehar egin den Artista Liburuen Donostia III. sarian parte hartu dute. Gaur 17:00etatik 20:00etara egongo da irekita, bihar 10:00etatik 20:00etara eta etzi 10:00etatik 14:00etara, elizan. Erakusketan parte hartuko duten artisten artean EHUko ikasleak eta Zurriola ikastolako batxilergoko ikasleak izango dira. Artista Liburuen Donostia III. lehiaketaren sari banaketa ere egingo dute gaur, 18:30ean, eta jarraian, 19:00etan, Luis Barriosen hitzaldia eta solasaldia izango da: La rebelion del libro de artista: idea+audacia.
Bihar, larunbata, familientzako tailerra egingo dute 17:00etatik 19:00etara. Artista liburuen inguruan arituko dira, letra eta irudiekin jolasean, Eluska Kortajarenaren eskutik. Lantegia 6 eta 12 urte arteko haurrak dituzten familiei zuzenduta dago. Arratsaldeko seietan, berriz, Marijose Rekaldek Lo que cuentan mis libros hitzaldia eskainiko du.
Amaitzeko, igandean errezitaldi poetiko musikala egingo dute, 12:00etan, eta Carlos Rosat flauta-jotzaileak, Mario Telenti piano-jotzaileak eta EOSeko musikariek hartuko dute parte.
Jarduera guztiak doakoak izango dira eta sarrera librea izango da lekuak bete arte. Familientzako tailerrerako edukiera betea dago jadanik. Topaketen antolatzaileak arteliburu 21 elkarte artistiko eta kulturala, San Telmo Museoa, Koldo Mitxelena kulturunea eta Kutxa Kultur dira.