'Artista liburua. Ideia + ausardia' erakusketa ireki dute Donostiako Okendo Kultur Etxean
Maiatzaren 12ra arte bisitatu ahalko da eta erakusketarekin lotutako hitzaldiak, bisita gidatuak eta tailerrak ere izango dira.
Apirilaren 23an ospatu berri den Liburuaren Eguna dela eta, artista-liburuen gaineko erakusketa bat eta hainbat jarduera prestatu ditu Okendo Kultur Etxeak, Arteliburu21 elkartearekin batera. 2013an sortutako arte eta kultura elkartea da Arteliburu21 eta Donostian du egoitza. Liburuko arteak eta lanbideak aztertzea, esperimentatzea eta sustatzea du helburu, batez ere artista-liburua eta azaleztapen berezia.
Erakusketak mota askotako artisten liburuak biltzen ditu, marrazki, pintura, eskultura, poema bisual eta liburuaren unibertsoko material espezifikoekin batera. Erakusketa osatzen duten lanak honako egile hauenak dira: Ainara Landaberea, Alfredo Gil, Anton Garin, Carmen Aduriz, Cayetano Gómez, Detritus, Eva Rodríguez, Iñaki Gurruchaga, Javier Vallejo, José Perea, Julia Lasagabaster, Julia Otxoa, Koldobika Jauregi, Luis Barrios, Mario Telen, Milagros Botella, Mari Mar Estévez, Olaia Martinez. Paoletta Balmelli eta Ricardo Ugarte.
Erakusketa maiatzaren 12ra arte egongo da zabalik, honako ordutegian: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era; larunbatetan eta zubietan, goizez ordutegi bera eta arratsaldez 16:30etik 20:00etara. Igande eta jaiegunetan, berriz, itxita.
Parte-hartze aktiboa
Hainbat jarduera ere antolatu dituzte erakusketak parte-hartze aktiboa izan dezan. Hitzaldiak, aurkezpenak, tailerrak eta bisita gidatuak izango dira apirilean eta maiatzean.
Gaur bisita gidatua egingo dute, 18:30ean, Luis Barrios eta Paoletta Balmellirekin. Maiatzaren 9an ere beste bisita bat egingo dute. Ostiralean, hilak 28, Artista-liburuaren matxinada izeneko hitzaldia eta erakustaldia egingo dute Barriosekin berarekin. Batzar aretoan izango da hitzordua, 18:30ean.
Maiatzaren 3an, Luis Barriosekin Liburuaren abentura harrigarria. Buztinetik artista-libururano saioa egingo dute areto nagusian, 18:30ean.
Azkenik, bi tailer ere egingo dituzte. Bata, Arte Paperak sortzeko tailerra izango da, maiatzaren 5ean, eta bestea, ur gaineko tinten transferentziaren ingurukoa, paperean eta beste material batzuetan, maiatzaren 8an. 16 urtetik gorakoentzat dira biak eta alde aurretik eman behar da izena.