Arthur Conan Doyle: Sherlock Holmesen itzalpean

Mundu galdua. Ziur hamaika alditan ikusi duzula telebistan: abenturazale talde batek dinosauruz eta aspaldiko gizakiz betetako mundu bat topatuko du Amazoniako leku urrun batean. Bazenekien Arthur Conan Doyleren eleberri batean oinarrituta dagoela filma? Conan Doylek liburu ugari idatzi zuen. Haietako batzuetan, Mundu galduan bezala, Challenger maisua da protagonista. Eleberri historikoak ere egin zituen. Dena dela, pertsonaia bat sortu zuelako da, batez ere, ezaguna: Sherlock Holmes sortu zuelako. Nahiz eta gero detektibe hura sortu izana damutu zitzaion.
1859an jaio zen Conan Doyle Edinburgon, irlandar jatorriko familia batean, eta 1930ean hil zen. Medikuntza ikasi zuen, eta sendagile ibili zen Groenlandiako baleontzi batean, eta gero, Southsea hirian. Baita Erresuma Batuko armadan ere, Hegoafrikan; esperientzia hartan oinarrituta, hain zuzen, boer eta britainiarren arteko gerrari buruzko liburua idatzi zuen, eta inperioaren alde bertan egindako apologiarengatik, sir titulua eman zioten.
Southsea hirian, Conan Doyle izugarri aspertzen omen zen, eta antza, horregatik hasi zen idazten. Orduan sortu zuen Sherlock Holmes detektibe misoginoa —Ez dago emakumeengan konfiantza osoa izaterik; ezta haien arteko onenarengan ere— eta kokainazalea —Lauron seinalea liburuan ageri da zaletasun hori—. Doylek beste mota bateko liburuak gogokoago zituen, ordea. Eleberri historikoak, esaterako. Edo espiritismoari buruzkoak —naturaz gaindikoak izugarri erakarri zuen idazle eskoziarra—.
Arthur Conan Doylek Sherlock Holmesen zama utzi ezinik pasatu zuen bizitza osoa. The Memoirs of Sherlock Holmes liburuko narrazioetako batean hil egin zuen. Hala ere, Britainia Handiko milaka gaztek xingola beltza jantzi zuten lutoa adierazteko, eta idazleak berak protesta gutun ugari jaso zuen etxean, eta baita irain bat edo beste ere. Conan Doylek Holmes berpiztu eta haren itzalpean jarraitu beste aukerarik ez zuen izan.