ArteDrama Euskal Laborategiaren topaketan izena emateko epea zabaldu dute

Parte-hartzaileek Ander Lipus, Edurne Azkarate eta Eneko Gilekin izango dituzte saioak, besteak beste.

ArteDrama Euskal Laborategiaren topaketa apirilaren 18tik 23ra izango da Bizkaiko Aulesti herrian. ArteDrama Euskal Laborategia (ADEL) arte eszenikoetan euskaraz aritzen direnen topagunea da, aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat urtero zabaltzen den gunea.

Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta daudenen arteko eztabaidak, jakintza eta elkartrukeak sustatzeko asmoa dute. Topaketa astelehenetik larunbatera izango da, eta 48 orduko iraupena izango du. Sei irakasle izango dira eta zortzi orduko saioak egingo dituzte bakoitzarekin. Honako hauek izango dira aurtengo gidariak: Ander Lipus, Edurne Azkarate, Eneko Gil, Laura Penagos, Jon Ander Urresti eta Ainhoa Artetxe.

Ikastaro guztiak euskaraz izango dira, eta matrikula 450 eurokoa da (lotarako lekua eta otorduak barne). Prestatu duten txostenean aurki daitezke irakasleen eta saioen inguruko xehetasunak.