Artea edo sentsazionalismoa?
“Memoriarik gabeko momentu historiko arriskutsuan bizi gara. Albisteak ikusten ditugu eta ezbeharrek gugandik urrun dirudite. Baten bat itsasoan itotzen da eta guk katez aldatzen dugu. Narkotizatuta gaude”, azaldu du Büchelek bere obraren aurkezpenean. Artistaren iturriek diote Barca Nostra kontzientziak pizteko saiakera xume bat dela.
Metalezko egitura batek babestuta eta erdi apurtuta. Hala aurkeztu da artistaren ‘Barca Nostra’ edo ‘Gure Itsasontzia’ artelana. Ez da nolanahiko ontzia, ordea. Barca Nostrak Mediterraneoan inoiz izandako urperatzerik handienetakoa islatzen du. 2015eko maiatzean, Libiatik atera berria zen ontzi bat irauli egin zen eta 700 pertsona baino gehiago hil ziren. Europara iristeko gutxi falta zitzaien. Ia ezer. Lampedusa uhartetik 180 kilometrora zeuden.
Ontziak islatu asmo duen justizia historikoaren aldeko aldarrikapenetik harago, haren presentziak hautsak harrotu ditu Venezian eta Italian. Giudecca kanalean, itsasontziaren aurrean, selfiak egiten dituzten turista mordoxken irudiek edota artelanaren aurreko terrazetan aperitiboa egiten agertzen diren pertsonen argazkiek eztabaida sutsua hasi dute sare sozialetan. Venezian nagusi den kaos turistikoaren aurrean, badirudi, ontziak ez duela inolako sentimendurik xaxatzen, alegia, ez dituela espero ziren kontzientziak pizten. Aldarrikapen politikoa edo sentsazionalismoa? Hori da Biennale ospetsura hurbiltzen diren begiluze askok planteatzen duten zalantza.
Siima Itabaaza ekintzaile politikoak, adibidez, ontzia Veneziatik kentzeko deialdia egin du eta ehunka sinadura bildu ditu. Itabaazak salatu du artelanak errespetu falta izugarria erakutsi duela eta Büchelen interes bakarra ospe gehiago eskuratzea dela. Arrazoia? Hondoratzetik bizirik atera ziren 28 migratzaileak ez dituzte Binnalera gonbidatu.
Hildako guztiek izen bat merezi dute. Zein gizarte islatuko dugu Mediterraneoa izenik gabeko migratzaileen hilerria bilakatzenuzten badugu?”
Bada, Biennalari esker edonork bisita dezakeen artelanak oso iragan beltza ezkutatzen du. 2016an, Italiako gobernu sozialdemokrataren aginduz, ontzia urpetik atera zuten, oraindik sotoan giltzapetuta zeuden 300 gorpuak hilobiratzeko. Ondoren, museo historiko bat balitz bezala ontzia hiri desberdinetan erakustea proposatu zuen Erromak. Baina dena aldatu zen iazko hauteskundeen ostean Matteo Salvini barne ministro izendatu zutenean. Ontzia ostrazismo hutsera kondenatzeko agindua eman zuen.
“Historiak epe desberdinak ditu eta etorkizunean aro bakoitza gogoratzeko frogak behar ditugu. Zer gertatu zitekeen Auschwitz suntsitu izan balitz? Eskuragarri dugun informazio asko ahaztuko genuke”, azaldu du Cristina Cattaneo forentseak. Cattaneok azken bost urteak pasa ditu Mediterraneoan hondoratutako iheslariak identifikatzen saiatzen. “Hildako guztiek izen bat merezi dute. Zein gizarte islatuko dugu Mediterraneoa izenik gabeko migratzaileen hilerria bilakatzen uzten badugu? Cattaneok uste du hondoraturiko ontzi guztiak urpetik atera beharko liratekeela, “itsasontzi bakoitzaren atzean dagoen historia berreskuratzeko”. Batek daki artelan honek balioko ote duen”.