Arte publikoaren 'Bai Topaketak' izango dira asteburuan Donostiako Intxaurrondo auzoan

Tailerrak, ibilbideak eta performanceak izango dira, eta Ana Esmith izango da artista gonbidatua, Miss Beige pertsonaiaren paperean.

Caradepan kultura-elkarteak arte publikoaren Bai Topaketen hirugarren edizioa egingo du asteburuan, Intxaurrondo Hegoaldean,  arte publiko garaikidea herritarrei hurbildu, eta horrekin donostiarrak eta bisitariak estimulatu, konprometitu eta hunkitzeko asmoz. Sortzaile garaikideek hartuko dute parte, tokiko ondare artistikoa osatzen duten obrak berrinterpreta ditzaten.

Intxaurrondoko kaleetako lau eskultura-lan garrantzitsu izango dira BAI Topaketen gai nagusia: Koldobika Jauregiren Hazteko Moduak eta Ume-jolasak; Agustin Ibarrolaren Siluetak eta Equipo 47 taldearen Monolitoa. Ana Esmith izango da aurtengo artista gonbidatua, Miss Beige pertsonaiaren paperean.

Larunbatean praktika artistikoa izango da eta hiru familia tailer antolatu dituzte horretarako, Intxaurrondoko kultur etxean. Elena Scaratti, Natalia Cambronero eta Uxue Lasa artistak izango dira gidari.

Natalia Cambronero diziplina anitzeko artista da, eta bere lanaren bitartez Giza Eskubideak urratzen dituzten egoera sozialen inguruko adierazpena egiten du, kolektiboaren kontzientziazioaren bila. Elena Scaratti diziplina anitzeko artista da, argazkilaritzan, eskulturan, pinturan, poesian eta modan aritzen dena. Uxue Lasa artista getariarrak, berriz, material eta teknika berriekin esperimentatzen du eta alegiazko munduak sortu. 

Igande itzela izeneko ekintza ere egingo dute, auzoan zehar egingo den museo erako ibilbide batekin. Bezperan egindako herritarren berrinterpretazio artistikoak ezagutuko dituzte. Ana Esmithek, Miss Beige pertsonaiaren paperean, Koldobika Jauregiren Hazteko Moduak eskultura interpretatuko du, Logelako sekretuak performancearekin. Azkenik, amaierako jaia egingo dute 12:00etatik 18:00etara, Gabriel Celaya plazan.