Arte eszenikoetan edo musikan aritzen diren gazteei zuzendutako 'Katapulta Tour Gipuzkoa' programarako proposamenak bidaltzeko epea ireki dute

Lanak aurkeztu ondotik, hamar proiektu hautatuko dituzte, eta irabazleek emanaldiak egin eta prestakuntza jasotzeko aukera izango dute.

Katapulta Tour Gipuzkoak formatu txikiko musika eta arte eszenikoen proposamenak bultzatzen ditu, eta hamabigarren edizioan parte hartzeko artistak hautatzeko deialdia ireki du. 

Deialdia musikan eta arte eszenikoetan beren ibilbidea garatzeko interesa duten artista profesional hasiberriei edo erdi-profesionalei zuzenduta dago. Besteak beste, popa, rocka, folka, musika elektronikoa eta hip-hop generoetako musika-proposamenak onartuko dituzte, baita mikroantzerkiko, bakarrizketetako, performanceko edo formatu txikiko magia-proiektuak ere. Aurkeztutako lanak gehienbat originalak izan beharko dira edo deialdi honetarako berariaz sortutakoak. 

Epaimahaiak hamar proiektu hautatuko ditu, kalitatea, ibilbidea eta proiekzioa kontuan izanda. Gipuzkoan erroldatuta dauden eta 30 urtetik behera dituzten artistei emango diete lehentasuna. Horretaz gain, hizkuntza-eskaintzaren oreka eta genero-berdintasuna ere aintzat hartuko dute erabakia hartzeko garaian.

Aukeratutako artistek Gipuzkoako hainbat gune edo jaialditan lau emanaldi egingo dituzte, horietako bat Kutxa Fundazioaren Kluba aretoan. Emanaldi bakoitzeko 500 euro jasoko dituzte, eta artistaren edo proiektuaren sustapen-bideo bat grabatuko dute. Horretaz gain, komunikazioari, sustapenari, eszenografiari, ekoizpenari eta jabetza intelektualari buruzko prestakuntza-programan parte hartu ahal izango dute. Musika Bulegoarekin elkarlanean izango da, eta gai bakoitzeko 45 minutuko tutoretza pertsonalizatua jasoko dute. Deialdian izena emandako gainerako proiektuek ere prestakuntza horretatako lehentasunezko sarbidea izango dute, tutoretzetara izan ezik.

Proposamenak azaroaren 30era bitarte aurkez daitezke, Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean. 2027ko otsailaren 10a baino lehen emango dute hautatutako proiektuen berri. Oinarriak hemen kontsulta daitezke.