Arte eszenikoen pieza laburren jaialdia abendu amaieran Gasteizen

Antzerkia, dantza, zirkua, performancea, ipuin-kontalariak eta bestelakoak izango dira '150 gramo' jaialdiaren hamargarren edizioan.

Pandemiaren aurretik, 150 gramo arte eszenikoen jaialdia hiriko espazio publikoetan egiten zen, azoketan nagusiki, baina osasun egoerak ezarritako arauak betetze aldera, leku jakina bilatu behar izan dute antolatzaileek azken bi edizioetan. Gasteizko Montehermoso kulturunean egingo dute jaialdiaren 10.edizioa abenduaren 28tik 30era. 

Arte eszenikoen pieza laburren jaialdian denetarik ikusi ahal izango da: antzerkia, dantza, zirkua, performancea, ipuin-kontalariak… Aurtengo egitaraua abenduaren 28an hasiko da eta honako proposamen hauek izango dira: Beatriz Churrucaren Hago carrera, Zurrunka Teatro & Kolectivo Mostrenko-ren Ctrl alt supr , Mutuo-ren #Lovewins eta Goitiberaren Amatxik dixit . Hurrengo egunea, El Mono Habitadoren La buena letra antzezlanarekin hasiko da eguna, eta, ondoren, Tarteanen Salaketa, Daniel Estebanen Iocari eta Colectivo La Incendiariaren Anilina 2.0 izango dira ikusgai. Amaitzeko, ostegunean honako ikuskizunak eskainiko dituzte: Ane AT-ren Interkonexion, Tartean-en Tabernaria, Aritz Lopezen Sangre y clorofila eta Vicente Roldan eta Alcali Konpainiaren Criatura.

Abonamenduen salmenta gaur hasiko da, abonos150gr@gmail.com helbidean. Eguneko abonamenduak 12 euro balio du, eta hiru egunekoak, 30 euro. Sarrerak, berriz, Montehermoso Kulturunean salduko dira, abenduaren 22 eta 23an, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era.