Arte eszenikoak sarituko ditu Durangoko Azokaren sormen bekak
Irailaren 21ean amaituko da proiektuak bidaltzeko epea, eta abenduko azokan emango dute irabazlearen berri.
Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak bosgarren urtez abian jarriko dute Durangoko Azokan emango duten Sormen Beka DA!. Egitasmoaren helburua euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei bidea erraztuz euren lana ezagutzera ematea da, eta aurtengoan arte eszenikoen arloko pieza laburreko proiektu proposamen bat sarituko da. Beraz, antzerki, zirko, dantza, performance, magia… disziplinetako proiektuak edo beste kultur disziplina batekin uztartutako proiektuak hartuko dituzte aintzat.
18 urtetik gorakoak aurkez daitezke deialdira, banaka zein taldeka, eta aurkeztutako proiektua zirkuitu profesionalean beren lehen edo bigarren lana izatea hartuko da kontuan.
Proiektu bakarrari emango zaio 15.000 euroko saria, eta sorkuntza prozesuan eta plazaratzean laguntza emango dute. Sarituko den proposamena, 2023an, Szenatokiko eskaintza nagusia izatea da deialdi berriaren helburua.
Lanak aurkezteko epea irailaren 21ean amaituko da. Proposamenak eta dokumentazio osagarria posta elektronikoz bidaliko dira gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera.
Proposamena hautatzeko orduan honako irizpide hauek izango dituzte kontuan: proiektuaren kalitatea, gaitasun berritzailea eta originaltasuna, proiektuaren hedatze ahalmena eta aurrez aurreko proiektuaren defentsa. Epaimahaiak aurkeztutako lanen artean lauzpabost aukeratuko ditu eta proiektua defendatu beharko dute epaimahaiaren aurrean. Lehen aukeraketaren ebazpena telefonoz egingo da. Lan irabazlearen berri 57. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango da. Urtebeteko epea izango du irabazleak lana burutu eta 2023ko Durangoko Azokan (58.DA) aurkezteko.
Oinarriak Durangoko azokaren webgunean daude kontsultagai, eta zalantzarik izanez gero, email helbidera idazteko jakinarazi dute.
Orotariko proiektuak
Aurreko lau edizioetan, literatura, musika, ikus-entzunezko eta proiektu digitalak saritu dituzte. 2018an, Atopia RPG euskarazko rol jokoa izan zen garaile; 2019an, Kai Nakairen lehen diskoa; 2020an, Bañolet lau ataleko webseriea; eta 2021ean, Barraka bideo-jokoa, datorren azokan estreinatuko dena.
