Artaxoa, Tutera, Leitza, Zugarramurdi eta Uxuen izango dira asteburu honetan Kultur programaren barruko kontzertuak

Iparfolk, The Fatty Farmers, Skabidean, Melenas eta Timbakada taldeek joko dute.

Kultur 2022 programak iraileko programazioari ekingo dio aste honetan, eta Nafarroako hainbat herritan musika emanaldiak izango dira egunotan.

Bihar, irailak 2, bi kontzertu izango dira, 20: 00etatik aurrera: bata, Iparfolk taldearena, Artaxoako Foruen plazan, eta, bestea, The Fatty Farmers taldearena, Tuterako Alfonso El Batallador plazan. Iparfolk talde nafarrak musika zelta eta nafar folklorea nahasten ditu, eta The Fatty Farmersek, berriz, punk, rock, country, balkan eta musika irlandarra ditu oinarri.

Larunbatean, Melenas taldea Zugarramurdiko koban izango da, 17:00etan hasita. Nafarroako tabernetan heldutako taldea da, reverbcore eta garage pop estiloa jorratzen duena. Euren bigarren lana kaleratu dute aurten, Días raros

Era berean, Skabidean Leitzako plazan arituko da, 23:30etatik aitzina. Ska, rocksteady eta reggae doinuak eskainiko dituzte. Hamar laguneko taldea da eta laugarren lana kaleratu du urte honetan.

Azkenik, Timbakada musika taldea izango da Uxueko plazan, 20:00etan. 

Gainera, bestelako ekintza osagarriak ere izango dira larunbatean. Leitzan, Peru harri museora bisita gidatua egingo dute, 11:30ean, adin guztietako jendeari zuzendua. Zugarramurdiko museoa eta koba ezagutzeko aukera ere izango da, ordubete inguruko bisitaldian.