Artaldearen mugimendu koordinatuak jasotzen dituen bideoa

Lior Patel argazkilari israeldarrak bere herrialdeko artalde baten migrazio mugimenduak jaso ditu dronearen bidez, eta batuta mugitzeko duten joera nabarmendu dute irudiek.

Ardi eta artaldeen jokabideen isla diren esapideak erabili ohi ditugu sarri gizakionak deskribatzeko; "artaldearen parte garela esan ohi dugu" edo 'ardi beltza' deitzen diogu ingurukoen portaera jarraitzen ez duenari. Esapide hauen esanahiari indarra eman diote ardiek mugimenduan duten jokabidea erakusten duten irudiek. Israelgo Lior Patel argazkilaria ardien eguneroko erritmoa aztertzen aritu da azken zazpi hilabeteetan eta argi geratu da oro har batuta egiten dituztela jarduerak.

Israelgo iparraldean dagoen Yokneam-eko Bakearen Bailaran artalde baten artzaintza prozesua dokumentatu du timelapse baten bidez. Bertan ardiak errepide eta nekazal eremuetan korrika ikus daitezke koordinazio harrigarriz. Dronearekin filmatu ditu irudiak eta nabarmentzekoa da ardiek toki batetik bestera mugitzerakoan erakusten duten batasuna. Une batez gelditzen diren ardi batzuk txakurren bidez zuzendu behar izaten dituzte baina ez dira bidetik askorik aldentzen. 

Michael Morgan barazkien nekazariak eta Keith Markov artzainak zaindu dute artaldea 1985az geroztik. Egun, 1350 buru inguru dituzte. Ardiek bailaratik zazpi bat kilometratara migratzen dute urtero Mustafa Tabash, Mahmoud Kaabiyah, Eyal Morgan, Dan Goldfinger artzainekin. Border Collie arrazako txakurrak ere izaten dituzte lagun, ardiren bat atzean geratzen bada besteengana biltzeko.

Patelek kamera finkoarekin grabatu zituen irudi gehienak. Hartualdi bakoitza lau edo zazpi minutukoa da eta leku batetik besterako bidean agertzen dira ardiak.

Sarri bidaiatzen du Patelek Israelen, bertako bizitza eta mugimendua dronearen bidez harrapatuz. Bere Instagram kontuan ere jasotzen ditu irudiak.