Arropa erabilia, zure armairutik eraikin baten fatxadara

Arropa hondakinak, urtean, 35-95 milioi tona artekoak izan ohi dira. Kopurua sekulakoa da eta josketa ezberdinak banatzeak zailtasun handia du. Horregatik, arropa hondakin gehienek zabortegietan edo erraustegietan amaitzen dute.

Kataluniako TECTEX Unibertsitate politeknikoko ikertzaile taldeak arropa hondakin horiek eraikuntzarako material bihurtzea lortu dute. Izan ere, eraikuntzaren sektorea gakoa da etorkizun jasangarriago bat nahi badugu.

Eraikuntza karbono dioxidoaren igorpen guztien %35aren arduraduna da, energia guztiaren %40 kontsumitzen du eta Europar Batasuneko hondakin solidoen %45 sektore honek sortzen ditu. Kalkulu hau burutzeko eraikinen bizi-urte guztiak kontuan hartu dira, euren eraikuntzatik hauek eraitsi artekoa, erabilera barne. Behatu da erabilera faseak duela ingurumenean eragin handiena. 

Karbono dioxido igorpen kopuru handiena erabilera fasean gertatzen da. Horregatik, azken urteetan, sektorearen jasangarritasuna hobetzeko hainbat neurri hartu dira hauek eraikitzerako garaian. Hori dela eta, eraikuntza arauak zorroztu egin dira: hobeto isolatuak daude eraikin berriak, energia berriztagarrien erabilera handiagoa egiten da eta kontsumoa elektrikoa murrizten saiatzen dira. Ahalekin honi esker erabilera fasean ingurumenari egiten zaion kaltea nabarmen murriztu da. Alabaina, beharrezkoa da murrizten jarraitzea eraikinaren bizi-fase guztietan. Nola? Adibidez, eraikitze materialen jasangarritasuna hobetuz. Hori horrela izateko, material hauek berriztagarriak, birziklagarriak edo hondakin gune batetik ateratakoak izan beharra dute. Azken aukerak zabortegietan pilatzen diren hondakinei bizitza berri bat ematea ahalbidetzen du, ingurumenari onurak ekarriz. 

Horretan dabil TECTEX-eko ikertzaile taldea. Zabortegietako arropa erabiliz eraikuntzarako materiala sortu dute. Oihalak eta mineralak elkartuz sortu dute laborategian material berri hau. Izugarri egokiak dira fatxada aireztatuak eraikitzeko, beste hainbat aukeren artean. Beraz, TECTEX-ek aurkeztutako materialak potentzial izugarria du, material arina baina iraunkorra baita. 



Material berezi hau sortzeko, zabortegietako arropa birrintzen da. Energia baxuko prozesu mekaniko baten ondoren, eta produktu kimikorik gabe, lodiera gutxiko feltro bat sortzen dute. Bestalde, porlanarekin pasta sortzen da eta horri mineralak gehitzen zaizkio. Ondoren, oihal zuntza eta porlan pasta nahastu eta geruzetan pilatzen dira. Emaitza? Material gogor bezain arina da, ingurumenari egiten dion kaltea minimora murrizten duena.