Arrazoi gutxi, denbora asko
Diskoaren lehenengo minutu erdian oilo-ipurdia jarri zait. Zazpi kantak amaitu eta berriz ere lehenengo abestira buelta egin dut, zirrarak hor jarraitzen duen jakiteko. Hor dago. Beñat Antxustegik kolaboratzen duen Zilbor zentrifugalak abestiaz ari naiz. Ertz makodunak dituen indar elegantea da Liherren zigilu singularra. Kolore eta ehundura anitzeko ahots paregabea du donostiarrak; musika tresnak eusten dira bere eztarrian, ez aldrebes. Potentzia handiko ahotsekin gertatu legez, neurria hartzen ikasi behar da, eta, oro har, lortzen du. Gitarra elektrikoa bigarren mailako protagonista da akustikoak gidatzen duen sorkuntzan. Gertutik jarraitzeko moduko ibilbidea hasi du Liherrek.