Arrazismoaren olatua bueltan

Hiru hildako, ia 3.000 atxilotu eta Minneapolisetik AEBetara zabaldu den oihua : "Black lives matter". Borroka ez da amaitu.

Duela astebete, polizia zuri batek George Floyd beltza hiltzeraino ito zuen, belauna lepoan jarrita. Sare sozialetan zabaldu dute atxiloketaren bideoa; bertan, erregua entzun daiteke, atxilotua arnasik gabe dagoela ohartarazten; poliziak, baina, entzungor egiten die.

Floyd ez da AEBetako poliziek hildako lehen beltza ezta bakarra ere, baina sare sozialek mundu osoan zehar zabaldu dute hilketaren bideoa, eta horrek urtetan pilatutako amorrua eta haserrea eztandarazi du herrialdean. "Enough is enough" (aski da) eta "Black lives matter" (beltzen biziek axola dute) aldarria puntatik puntara entzun da egunotan; 2014an Eric Garnerri gertatutakoa gogora ekarri du Floyd-en heriotzak, hark ere arnasik ezin zuela hartu erregutu baitzuen poliziak erahil bitartean.

Heriotza hauek protesta ugari eragin dituzte AEBetan; gainera, Londres, Berlin eta Manchester hirietan protesta horiek babesteko manifestazioak egin dituzte. Bitartean, Poliziak indarkeria handiz erantzun die hainbat manifestazioei New York, Chicago, Philadelphia eta Los Angelesen, besteak beste. Trump bunkerrean gordetzera iritsi da, eta ANTIFA erakunde terrorista izendatzea izan da bere erantzuna. Presidenteak gogor egin du Twitter sare sozialaren aurka, eta plataforma ixteko asmoa adierazi omen du.

Jarraian, Tamika Mallory emakumeen eskubideen aldeko eta beltzen eskubideen aldeko aktibistaren diskurtso birala entzun dezakezue jatorrizko hizkuntzan; Malloryk salatu duenez, aste hauetako protesten indarkeria "boterean daudenetik" ikasi dute: "Ez hitz egin arpilatzeaz; zuek zarete lapurrak! Zuek zarete natibo amerikarrei lurra arpiletu zenietenak eta beltzei indarkeria irakatsi zenietenak!".