Arrautza frijitu izoztuaren patentea erosi du Angulas Aguinaga enpresak

Produktu berri honen laguntzaz, enpresak bere fakturazioa bikoiztu nahi du datozen bost urteetan.

Angulas Aguinaga enpresak arrautza frijitu izoztuaren Europa mailako patentea lortu du. Orain arte itsas-produktuak saldu dituzte soilik, eta hemendik aurrera euren merkatua zabalduko dute produktu berri honekin. 2020-2025 plan estrategikoaren barruan emandako pausoa izan da hau, euren helburua datozen bost urteetan fakturazioa bikoiztea baita; 2025eko urte amaieran 450 milioi euroko irabazia lortu nahiko lukete. 

Enpresaren asmoa sukaldeko lana <<erraztea eta seguruago bilakatzea>> da, eta bezeroei <<kalitate eta zapore hobea>> eskaintzea. Ziur daude arrautza frijitu izoztua oso lagungarria izango dela ostalaritzan errezeta eta platerak sortzeko orduan. Izan ere, ohiko sukaldeetan ez bezala, ostalaritzan kopuru handiekin egiten dute lan eta, horrela, denbora aurreztu ahal izango dutelakoan daude. Enpresaren ustetan, erabilera anitzeko produktua da eta horrek bultzatu ditu operazio hau egitera. 

HORECArekin daukan negozio eremua indartzea ere bada Angulas Aguinagaren asmoa. HORECA elikagaiak aldez aurretik prestatu eta banatzeaz arduratzen da.