Armiarma literatur atariak 20 urte bete ditu martxoan

Literatur Emailuak buletin elektronikoak berriz, 1.000. zenbakia argitaratuko du apiril honetan. Armiarma atariarekin batera liburutegi eta entziklopedia handi bat bilakatu dira, bejondeiela!

Susa literatura argitaletxeak Literatur Emailuak deitutako albistari digitala martxan jarri zuen 2002ko urtarrilean. Honela, astero ale berri bat argitaratu du eta apirilaren 22an 1.000. zenbakira iritsiko dira. Izan ere, ostegunero literaturari buruzko albisteak, testuak eta agenda eskaintzen dute. Bertara harpidetuak daudenek posta elektronikoz jasotzen dute eta 2006. urtetik blog itxura dauka.

Hain justu, Literatur Emailuak Armiarma webguneko argitalpenen eta Susa argitaletxearen jardunaren berri emateko sortu ziren, euskal literaturaren une bereziak gogoratzeaz gain. Egun buletin honen egileak Leire Lopez, Mikel Elorza eta Patxi Gaztelumendi dira. 

Honetaz gaindi, Armiarma literatur atariak berak ere zenbaki biribila eskuratu du, 20 urte bete baititu. Jarrai dezatela bi egitasmoek urte luzez euskal literatur zaleon pasioa elikatzen!