Armenia: Historiaren oparia Kaukaso bihotzean
Munduko txoko ezkutuenak deskubritu nahi dituzu? Ez galdu GAZTEZULOko 'Mundua' atalerako Xabat Izagirrek proposatutako helmuga exotiko eta harrigarriak!
Yerevan
Heltzen diren bidaiari apurrek herrialdearekin izaten duten aurreneko kontaktua da Armeniako hiriburua, Yerevan. Zaharra (VIII K.a.) bezain ezezaguna. Mendebaldearen eta Ekialdearen artean kokatua (Iran 200 km-ra, Errusia eta Irak 300 km eskasera), erdibidean, Kaukaso eskualde osoko kultur eskaintza oparoena zain duzu bertan. Azken urte hauetan azpiegituratan inbertsio garrantzitsua egin eta hiria irisgarriagoa bilakatu duten arren, ez du zapore sobietar izpirik galdu eta, momentuz behintzat, ez du apeta turistikoen mesedetan amore eman. Dalan arte galeria bisitatzea edota artisauek alfonbrak ehuntzen dituzten tailerrekin (VII. mendetik bizirik eta bere horretan dirauen tradizioa) liluratzea izan daitezke apuntatu beharreko bi zeregin. Ez galdu Armeniar Genozidioaren Museoa (1915 eta 1922 bitarte, Otomandar Inperioko turkiarrek milioi eta erdi armeniar erail zituzten), ezta Vernissage kale-azoka ere. Tokiko gastronomia dastatzeko, Tabepha Epebah lokala izan daiteke kalitate-prezioari dagokionez egokiena. Poltsiko arazorik ez dutenek egin dezatela erreserba In Vino jatetxean, bertan topatuko dituzte, besteak beste, munduko ardo zaharrenetako batzuk. Askok diote Armenia izan zela ardogintzaren sehaska!
Dilijan, edo ‘Armenia suitzarra’
Mendiei, baso itxiei, klima hezeagoari, berdetasunari eta paisaia bukolikoei zor die eskualde honek bere goitizena. Armenia ipar-ekialdean dago eta, Parke Naturala ez ezik, hiri homonimoa ere besarkatzen du. SESB garaian, agintari errusiarren gune turistiko garrantzitsua izan zen, batez ere bertako iturburuetako ur mineralari aitortutako botere sendagarriari esker. Aghstev ibaiaren ezker ertza balnearioz josia ageri da gaur egun ere, baina atsedenerako ez ezik, edozein kirol jardueratarako abiapuntu egokia da Dilijan eta, bereziki, Parz laku zoragarria, bertan hasten baitira makina bat trekking eta bestelako bide. Udazkena aukeratzen baduzue, kolore eztanda betirako gordeko duzue erretinan.
Sevan lakua eta Noraduz hilerria
Itsaso armeniartzat jo liteke bere dimentsioak kontuan hartuz gero. Munduko laku garai handienetakoa da: 1.900 metroko altueran, herrialdeko azalera osoaren %5 hartzen du (80 kilometro luze da, eta 56 kilometro punturik zabalenean). Mendebaldeko ertzean, geldialdia merezi duen sekulako hilarri pilaketa dago, halako handiena Armenian: khachkar-ak dira, Erdi Aroan zizelkatutako harrizko gurutze ikusgarriak, hildakoaren bizitzari buruzko pasarteak kontatzen dituzten erliebez apainduak. Kondairak dio tokikoek maiz baliatzen zituztela Noraduz hilerri honetako siluetak armada inbaditzaileak uxatzeko; metalekin zarataka hasi eta urrutian ikusten zituzten pilaketa haiek soldaduak zirela sinestarazten zieten.
Monasterio... eta monasterio gehiago

Artsaj Errepublika
Nazio Batuetako estatu bakar batek ere errekonozitzen ez duen errepublika de facto independentea da, 1991z geroztik. Honen gaineko kontrola eskuratu nahiak gerra odoltsuak piztu zituen Armenia eta Azerbaijanen artean, XX. mende hasieran lehenik (Errusiar Inperioa desagertzearekin batera), eta 90eko hamarkadan gero (SESB desegin zenean). Populazioa, ia bere osotasunean, etnia armeniarrekoa da. Hunot arroila eta Mamrot Kar ur-jauzia bezalako altxor naturalak ezkutatzen ditu. Stepanakert hiriburuan brandy faktoria bisitatzea esperientzia bikaina izan daiteke, eta are ahaztezinagoa Vank herrixkan udan antolatzen dituzten asto-lasterketa tradizionalen lekuko izatea! Argazki tipikoena, ordea, ‘Gure mendiak gara’ izeneko monumentua.